Europako Ekoetiketa Ekologikoa duten ostatuei dagokienez, Euskadi liderra da Estatuko rankingean

0
PRUEBA

Euskadi –Europako Etiketa Ekologikoarekin akreditatutako 35 ostaturekin– liderra da Estatu osoko rankingean, eta Europako helmuga nagusietako bat da halako azpiegituretan, beste herrialde batzuen aurretik: Herbehereak (25 ostatu), Eslovenia (13 ostatu), Kroazia (6 ostatu), Malta (6 ostatu) edo Portugal (5 ostatu).

Euskadin Europako etiketa ekologikoa duten 35 turismo-ostatuak  ingurumen-ziurtagiri hori duten estatuko mota horretako 51 ostatuen % 69 dira, eta horrek erakusten du Euskadiko ostatu-sektorearen jasangarritasunarekiko konpromiso-maila. 35 ostatu horietatik 11 Araban, 15 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan daude. Austriak (39 ostatu), Italiak (55 ostatu) eta Frantziak (182 ostatu) bakarrik gainditu dute Euskadi ranking horretan.

Europako Etiketa Ekologikoa Europako Batzordearen ingurumen-aitorpen eta -identifikazio ofizialaren sistema da. Sistema egiazkoa, zorrotza eta borondatezkoa da, ingurumen-inpaktu txikiagoa duten produktuak eta zerbitzuak sustatzen dituena, baliabideak modu efizientean erabiltzen eta ingurumena eraginkortasunez babesten laguntzeko. Logotipoaren bidez, kontsumitzaileak azkar eta erraz identifika ditzake.

Ostatu horiek, beren kontsumoak minimizatzeaz eta kontrolatzeaz gain, berokuntza- eta argiztapen-ekipamendu efizienteak dituzte; ura aurrezteko gailuak dituzte; garraiobide jasangarriak sustatzen dituzte; eta tokiko produktuak eta ekologikoak eskaintzen dizkiete ostalariei.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila da ingurumen-irizpide zorrotzak betetzen direla ostatuaren instalazioetan bertan egiaztatzeko eskumena duen organoa, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren bitartez.

Eskakizun horien artean hauek nabarmentzen dira: ingurumena kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema dokumentatu bat ezartzea, ingurumen-jarduna hobetzeko erregistroak eta neurketa eskatzen dituena; ingurumen-arloko legeria betetzea, baita aplikatu beharreko sektore- eta lan-legeria ere; eremu desberdinetan ezartzen diren 22 nahitaezko irizpide betetzea (kudeaketa orokorra, energia, ura, hondakinak eta hondakin-urak, eta beste irizpide batzuk, hala nola garraio jasangarria); eta gutxieneko puntuazio bat lortzea hautazko irizpideen multzo bati dagokionez, ostatuak eskaintzen dituen zerbitzuen arabera.

Ostatuak, gainera, arlo horretan duten konpromisoa adierazi behar die ostalariei, eta gonbita egin behar die beren jokabidearen bidez ere ingurumena gehiago babesten lagun dezaten.