Athletic Clubek Twitter, Instagram, Facebook, Tiktok, Youtube, Linkedin eta Weibon dituen kontu ofizialek ia 33 milioi interakzio lortu zituzten 2020-21 denboraldian, hau da, %67ko hazkundea aurreko ikasturtearekin alderatuta.
Zifrak Blinkfire Analytics enpresak eman ditu, LaLigak txapelketako klub guztien errendimendu digitala aztertzeko erabiltzen duen tresnak. Eskainitako datuek, gainera, Klubak ikus-entzunezkoen atalean egindako jauzi nabarmena islatzen dute, 81 milioi bistaratze baino gehiago izan baititu. Zifra horri erreparatuz, Athletic denboraldi osoko rankingeko laugarren postuan dago bideo-bistaratzeei dagokienez, FC Bartzelonak, Real Madrilek eta Atletico Madrilek bakarrik gaindituta. Hazkunde honek, Klubak jarraitzaile zuri-gorriei gaurkotasun osoa hurbiltzeko egindako apustua babesten du, mugikortasun-murrizketek erabat baldintzatutako denboraldi zail honetan.
Emakumezkoen Athletic Club
Joan den martxoan Athletic Clubeko kontu ofizial berria sortu zen Twitterren. Klubaren Twitterreko kontu generikotik bereizteak aukera ematen du emakumezkoen taldeei arreta pertsonalizatua eta zabalagoa eskaintzeko, eta, horrela, emakumeen taldeak Instagramen (@athleticclubfem) zuen kontuarekin bat egiten du honek.
Emakumezkoen taldearen sareetako profilek bosgarren postuan itxi dute denboraldia Primera Iberdrolako klubek sare sozialetan dituzten interakzioen rankingean. Facebooken edo Youtuben kanal propiorik ez izan arren, talde zuri-gorria Bartzelonak, Real Madrilek, Atletico Madrilek eta Betisek baino ez dute engagement mailan gainditu, eta 1,5 milioi interakzio pilatu ditu guztira, aurreko denboraldian baino %73 gehiago.