Lanbidek 11 milioi eurotik gorako laguntzak onartu ditu enplegurako prestakuntza-ekintzetarako

0
  • Zortzi milioi langabeak enplegu-nitxo berrietan prestatzeko izango dira eta 3,2 milioi langileak birkualifikatzeko

LANBIDEren Administrazio Kontseiluak 11,2 milioi euroko laguntzak onartu ditu gaur, enplegurako prestakuntza-ekintzetarako. Zehazki, aurten 8 milioi erabiliko dira langabeak enplegu-nitxo berrietan prestatzeko, eta 3,2 milioi gehiago enpresek beren langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko.

Onartutako lehenengo deialdiak zortzi milioi euroko dirulaguntzak abian jartzea aurreikusten du, enplegu-nitxo berrien esparruan konpetentzia profesionalei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko. Lehentasunez langabeei zuzenduta daude, gaitasun digitalak eskuratu eta hobetu ditzaten, pertsonen zaintzaren, trantsizio energetiko-ekologikoaren eta ekonomia sortzailearen esparruan. Ekintza horiek Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko Enplegu Taldean diseinatu dira.

Deialdi honen helburua da enplegu-nitxo berriekin lotutako hainbat jarduera ekonomikotan gaur egun dauden enplegua sortzeko aukeretan eragitea, trantsizio energetikoari, digitalari eta gizarte-kohesioari lotutako erronkei erantzuteko. Euskadi Next programan jasotzen denez (Euskadi berreskuratzeko, eraldatzeko eta erresilientziarako inbertsio-programa), Euskadi berde, digital eta inklusibo bat eraikitzea da erronka nagusia. Enplegua sortzea ahalbidetuko duen suspertze ekonomikoa bizkortzeak duen garrantzia planteatzen da bertan, kontuan hartuta eraldaketa ekologikoak, digitalak eta soziosanitarioak produkzio-egituraren lehiakortasuna indartzeko balio dezaketela, ingurumen-irizpideak balioa sortzeko lehiakortasun-faktore gisa integratuta.

Era berean, 3,2 milioi euroko beste deialdi bat onartu da, enpresek beren langileentzako prestakuntza-ekintzak sustatzeko; zehazki, beren gaitasun eta kualifikazio profesionalak hobetzeko ekintza estrategikoak garatzera bideratuko da laguntza hori.

Bestalde, Lanbideko administrazio-kontseiluak ezohiko laguntzen laugarren deialdia onartu du, covid-19aren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileentzat, 2021eko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. 800.000 euro bideratuko dira horretara.