Barakaldok Gorostitzako barbakoak bertan behera utzi ditu jende-pilaketarik gerta ez dadin

0

Itxi egin ditu Barakaldok Gorostitzako barbakoak  jende-pilaketak saihesteko.  Udaltzaingoak eta Ertzaintzak alkatearekin izandako jarraipen-bileran koronabirusaren hedapena kontrolatzeko neurriak hartzeko egindako gomendioei erantzuten die Barakaldoko Udaleko Obra eta Zerbitzu Arloak hartutako neurriak.

Polizia-ordezkariek adierazi dutenez, Gorostitzako barbakoa-eremuan segurtasun-neurriak errespetatzen ez dituzten, musukoak erabiltzen ez dituzten eta distantzia errespetatzen ez duten jende-talde handiak daude. Aglomerazioez gain, alkohol-kontsumo handia duten botelloi eta jaiak egiten direla egiaztatu da, eta horrek arrisku handia dakar; izan ere, pertsona horietako batzuk beren ibilgailu partikularrak erabiltzen saiatzen dira gaueko ordu handietan alde egiteko. «Espazio hori ixtea komeni dela adierazi digute, batez ere asteburuetan eremu horretan izaten ari diren pilaketak saihesteko. Orain, kutsatzeak gora egiten ari direnez, uste dugu komenigarria dela gure bizilagunak birusetik babesteko neurriak hartzea», adierazi du Jon Andoni Uriak, Auzo eta Hirietarako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Koronabirusaren positiboen egungo gorakadak irauten duen bitartean luzatuko da itxiera.

Gorostitzako zelaietan 10 mahai eta hiru barbakoa daude, eta gaurtik aurrera itxita egongo dira; beraz, herritarrei errespetuz eta erantzukizunez jokatzea eskatzen diegu. Gero eta gertuago gaude pandemia hau amaitzetik, eta ezin ditugu orain lortutako aurrerapen guztiak galdu, hain gutxi falta dela dirudienean», adierazi du Uriak.