Euskadik kasino, bingo eta on-line apustuetan debekatutako pertsonen erregistroa gainerako autonomia-erkidegoekin eta Estatuarekin lotuko du

0

Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendariak bideokonferentzia bidez parte hartu du Joko Politiken Kontseiluak gaur bideokonferentzia bidez egin duen bileran. Kontseilua Espainiako Gobernuaren eta autonomia-erkidegoen artean joko-politika publikoak eztabaidatzeko, aztertzeko eta koordinatzeko organo gorena da. Gaurko bileran jokatzea debekatzen duten erregistroen, estatukoen nahiz autonomikoen, arteko konexioa izan da aztergai.

Lortu den akordioaren arabera, Espainiako Gobernuak Estatuan jokatzea galarazteko dauden erregistroen, horien artean, Euskadikoaren, berezitasunak aitortuko ditu. Hortik abiatuta, lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko premia aitortu da, hain zuzen ere, jokoaren arloko agintariek egindako inskripzioak elkarri aitortzeko eta, modu horretara, autonomia-erkidegoen eta Estatuaren artean era horretako informazioa denbora errealean trukatzea errazteko.

Akordio hau aurrerapauso bat da arduraz eta parametro osasungarrien barruan jokatzea sustatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoan. Testuinguru horretan, joko arduratsua bultzatzeko, adikzioak saihesteko eta joko patologikoari aurrea hartzeko kanpaina hezitzaileak sustatzen ditu eta prebentzioko eta gainerako euskal erakundeei laguntzeko programetan lankidetzan jarduten du.

Euskadik hemendik aurrera izenpetzen dituen hitzarmenetan, besteak beste, ezarriko dira transmititu behar diren datuak, izen-emateko prozesua, datuen aldaketa eta erregistrotik kanpora uztea eta debekuen eraginkortasuna.

DEBEKATUTAKO PERTSONEN EUSKAL ERREGISTROA

Debekatutako pertsonen Euskadiko erregistroak gutxienez sei hilabetez debekatzen dio erregistroan izena emanda dagoen pertsonari. Edonork eska dezake erregistroan izena ematea, eta eskaera hiru hiriburuetako lurralde-bulegoetan aurkeztu behar da, edo euskadi.eus webgunearen bidez, kasu honetan beharrezkoa izanik identifikazio elektronikoa.

Izen-ematearen iraupena mugagabea da, baina izena ematen duen pertsonak bertan behera uztea eska dezake, baliabide berberak erabiliz, 6 hilabete igarotzen direnean.