2021eko Basque Culinary World Prize Saria irabazi du Xanty Elías sukaldariak

0
  • Xanty Elías sukaldari espainiarrak 2021eko Basque Culinary World Prize saria jaso du, haurren elikadura-hezkuntzan eragiteagatik, “Los niños se comen el futuro” ekimenaren bidez
  • Gainera, epaimahaiak beste bi sukaldarien lana saritu du, eta aipamen bereziak eman dizkie Kia Damon estatubatuarrari, ekitate-testuinguruen alde borrokatzeagatik, eta Ana Estrela italiano-brasildarrari, sukaldaritzaren bidez pertsonak gizarteratzeagatik
  • BCWP-ko 6. edizioan, sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen inguruko heziketaren alde lan egiten duen irabazle bat hautatu da, eta gastronomiaren bidez gizartean integratzeko proposamen inspiratzaileak eskaini dituzten bi aipamen berezi eman dira
  • Hautaketa Juan Roca sukaldaria buru duen epaimahai batek egin du, bilera birtual batean, eta munduko sukaldari garrantzitsuenetako batzuek osatu dute

Xanty Elías sukaldari espainiarrak 2021eko Basque Culinary World Prize saria irabazi du haurren elikadura-hezkuntzan eragiteagatik. “Los niños se comen el futuro” ekimenaren bidez, lehen hezkuntzako ikastetxeetan Gastronomiaren Kultura irakasgaia sartzearen alde lan egiten du, ziur baitago garrantzitsua dela sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen inguruko kulturan heztea.

Prenauta Fundazioaren buru denez, Elíasek sukaldaritzaren sektorean turismoaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, baina, batez ere, haurren elikadura-hezkuntzan eragin nahi du. Izan ere, horrek ahalmen handia izan dezake osasun, kontsumo kontziente eta kultura-baldintza hobeak eskaintzeko sukaldaritzaren inguruan.

“Ez dago hezitzea baino osasuntsuagorik den ezer” lelopean, gaur egun Andaluziako 80 ikastetxe inguruk dute Elíasen programa ezarrita, lehen hezkuntzako 15.000 ikasle barne, eta baita zonalde kaltetuetako beste 25 bat eskola bekadunak ere. Aldi berean, 2021eko irailean Madrilgo 130 ikastetxe inguru jarriko dute martxan bere ekimena.

Gastronomia indar eraldatzailea da, baita testuinguru desafiatzaileenetan ere. Horregatik, Basque Culinary World Prizek behin eta berriz ospatu nahi du sektore horretako profesionalek aurrerapenak eta eraldaketak bultzatzeko tresna bihurtzen dutela gastronomia, berrikuntza sozialetik elikadura-hezkuntzaraino doazen eremuetan.

BCWPk irabazle bat eta bi aipamen berezi iragarri ditu gaur. Hala, egungo erronkak ikusarazteko eta bikaintasunerako bokazioa duten sukaldari ekintzaileen profilak identifikatzeko interesa berretsi du, baita berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak ere, komunitatearekin konprometituta daudenak eta gastronomiak dakarren fenomeno inspiratzaile bezain kutsakor baten eredu direnak.

Horregatik, Xanty Eliaz gain, epaimahaiak beste bi sukaldarien lana saritu du, eta aipamen bereziak eman dizkie: Kia Damon-i (EEBB), ekitate-testuinguruen alde borrokatzeagatik, sektore honen aurpegia ematen duten erreferenteak dibertsifikatzeagatik eta normalean baztertutako taldeen talentua ikusarazteagatik, eta Ana Estrela-ri (BRASIL/ITALIA) sukaldaritzaren bidez pertsonak sozialki txertatzeagatik.

Prenauta Fundazioaren bidez martxan jarri duen kultura gastronomikoan hezitzeko ekimen aitzindariariaren bitartez, “Los Niños se Comen el Futuro”, kontsumitzaile kontzienteen belaunaldi berri bat sustatu du Xantyk, gazteei mesede egiteaz gain, gizartea bere osotasunean hunkitu ahal izateko. Dagoeneko Espainia eta nazioarte mailan saritua izan den programa berritzaile honek, “Kultura gastronomiko solidarioa” irakasgaia sustatzen du, Espainian elikadura osasungarrian hezteko gai gisa. Hala, haurrek eta senideek jakien garrantziaz eta mahai baten inguruan partekatzeko une bereziaz jabetzen dira, bai eta gure osasuna zaindu beharraz ere, Mediterraneoko dieta on batekiko atxikidura-maila berreskuratuz, elikagaietan balio solidarioak sustatzen dituen bitartean.

Saria jaso ostean, Xanty-k oso pozik eta eskertuta dagoela adierazi du BCWP-a jasotzeagatik, eta honakoa gaineratu du: “Gauza zoragarria da, eta errealitate bat da dagoeneko gastronomiak eta sukaldariek gizartea etorkizun hobeagorantz eboluzionatu dezakegula; kultura gastronomikoak balio erreala izan dezake irakaskuntzaren hasieratik. “Los niños se comen el futuro“ ekimena etorkizuneko kontsumitzaileei ezagutza partekatzeko beharretik sortzen da, ikastetxeetan irakatsiko den ikasgai baten bidez, kontzientzia eta ohitura hobeak sortzen lagunduz. Haurra izanda, kontzientzia elikatzea da etorkizun osasuntsuago eta jasangarriagoaren oinarria.»

2021ean, sari honen sustatzaileek (Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu zuten 2016an) sari aitzindari baten seigarren edizioa bultzatu dute. Honen bitartez saritzen dira gaur egun beren ezagutza, talentua, sormena eta indarra aprobetxatzen duten sukaldariak, gure gizarteak eskatzen dituen aldaketekin bat egiteko.

Edizio bakoitzean, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzeko eta nazioarteko komunitateak sukaldari batek balioa eman dezakeen arloak hautemateko erabiltzen du. Edizio honetan, elikadura-hezkuntzaren arloa azpimarratu nahi izan du, eta baita immigrazioarekin edo talentuaren dibertsifikazioarekin lotutako gizarteratze-arloa ere.

Basque Culinary World Prize sari paregabea da, Basque Culinary Center gastronomian lider den erakunde akademikoak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dutena, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan. Sari horrek ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldarien lana aintzatesten du, eta 100.000 euroko zuzkidura du irabazleak aukeratutako proiektu baterako.

Xanty Elías izan da irabazlea, munduko sukaldari garrantzitsuenetako batzuek osatutako epaimahai batek aukeratuta. Juan Roca (El Celler de Can Roca) sukaldaria buru dela, beste aditu ezagun batzuk ere izan ditu: Elena Arzak (Arzak), Gastón Acurio (Acurio Restaurantes), Dan Barber (Blue Hill), Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Yoshihiro Narisawa (Narisawa) eta Enrique Olvera (Pujol).

Hautaketaren ondoren, Joan Roca Basque Culinary World Prizeko epaimahaiko presidenteak honako hau nabarmendu du:

Xantyren lanak erakusten du munduko hainbat tokitan sukaldariek duten interesa gastronomia gure gizarteko hezkuntza sisteman txertatzeko. Horretarako, etorkizuna diren haurretan, janariak duen benetako balioaz kontzientzia sortzeko beharrezkoak diren testuinguruak eta balioak erein behar dira, bai eta kulturen, herentzien eta nortasunen dinamizatzaile gisa duen balioa onartu ere. Urteetan zehar, era guztietako aktibistek eta sustatzaileek elikadurarekin lotutako hezkuntza-edukiak belaunaldi berrien prestakuntzaren funtsezko ardatz gisa sartzea azpimarratu dute. Alice Waters bezalako eredutik (eta haren Edible School Garden proiektua), Xanty Elías bezalako jendera arte, gaur egun Andaluziatik, sukaldaritzak janaritik gizartea moldatzeko egiten duen nazioarteko ahalegin horri jarraipena ematen diona.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak hurrengo hau azpimarratu nahi izan du:

“Planetak erronka globalak ditu; 2050ean biziko diren 10.000 milioi pertsona elikatzea, klima-aldaketa, baliabide naturalen gaineko presioa, elikagaien hondakinak eta abar. BCWPk mundu osoko errealitateak ezagutzeko eta haiekin konektatzeko aukera ematen digu, faktore komun batekin: gastronomia, izan ere, erronka horietako batzuen aurrean elementu eraldatzailea da. Sari hau Euskadi – Basque Country estrategia integralaren barruan dago. Herrialde-marka horrek, indargune eta berezitasunetatik abiatuta, eragile garrantzitsu gisa kokatzen du Euskadi nazioartean, agenda globalarekin eta giza garapen iraunkorrarekin konprometitua: euskal komunitate global gisa, auzolanean lan egiten duen herrialde berezi, eroso, erresiliente eta berritzailea.”

Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak aitortu du:

“Gastronomiak azken hamarkadetan izan duen gorakadaren aurrean, gure sektoreak izan behar duen paperak garrantzia berezia hartu du. Horregatik, bere 6. edizioan eta Basque Culinary Centerren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, BCWPk 2021ean errealitatearekin konektatu eta eboluzionatu nahi du, pertsonaia inspiratzaileetan sakontzeko (hala nola, Xanty Elías, Kia Damon eta Ana Estrela. Hiru profesional eredugarri hauek beren ezagutza, ekintzailetza-bokazioa, sormena eta borondateaz baliatzen jakin dute, gastronomiaren bidez gizarteko hainbat esparruetan murgiltzeko eta eragiteko; jasangarritasuna, integrazioa eta aniztasuna, besteak beste, ”.

Kia Damon-en aipamen bereziari lotuta, Enrique Olverak, honakoa adierazi du: “Garai hauetan, funtsezkoa da herritar guztiek, bereziki behartsuenek, janari osasungarria izateko aukera bermatzea. Kiaren lana horretaz arduratzen da, sukaldaritza ona birplanteatzeaz eta birkokatzeaz, ez dadin izan sukaldarien eta jatetxeen kontu esklusiboa, baizik eta eremu partekatu, zabal eta askotarikoa”.

Bestalde, Gastón Acuriok adierazi duenez, Ana Estrelaren lanak “jendea eta kulturak sukaldaritzaren bidez integratzeko ahaleginaren adibideak ematen ditu, ezagutzen ez dituzten mugetara iristen diren pertsonen lana duinduz egoera konplexuetan, gizartera hurbilduz elkar ezagutzeko guneetan. Italian esperientzia izan arren, bere istorioak pentsarazten dizu zure herrialdea dela, zu zauden tokian jendea integratuko dela eta sukaldeak enpatia-testuinguru egokiak sor ditzakela gu zaindu, maitatu eta ulertzeko”.

 

AIPAMEN BEREZIAK

Kia Damon (EEBB)

New York Timesek Ipar Amerikan elikadura gehien aldatzen ari diren 16 profesionalen artean izendatu zuen. Kia Damonek berdintasunezko testuinguruen alde borrokatzeko du, sektore honetan aurpegia ematen duten erreferentziak aniztu eta ohiz baztertuta dauden taldeetako talentua ikusgai bihurtzeaz gain. Beraz, indarrez bultzatzen ditu AUXILIO bezalako ekimenak, emakume beltzen lana eta LGBT komunitatearena industrian. Gainera, bere komunitatea mugiarazten du “elikagaien basamortuak” izeneko beharren inguruan. Horiek komunitate afro-amerikarrak izan ohi dira, eta janari osasungarria lortzeko zailtasun handiak dituzte. Halaber, eraginkortasunez parte hartzen du eztabaida eta laguntza sozialetan, eta Cherry Bombmagazine aldizkari digitalaren editoreetako bat da, gastronomiako emakumeak hizpide dituelarik.

Ana Estrela (Brasil / Italia)

Migratzeak betiere gizarteratze-prozesu konplexua dakar, batez ere, atzerritarra errefuxiatua bada. Horregatik, hain zuzen ere, Anak etorkin gisa zuen bere esperientzia ORIGENS izeneko proiektu bihurtu zuen eta, gero, Ethnic Cook, sukaldaritzaren bidez pertsonak gizarteratzeko. Hala, janaria egoitza bilakatzen da partekatzeko sukaldaritza-tradizio baliotsuekin beste toki batzuetan aukerak bilatzen dituzten etorkinentzat. Anak prestatu eta enplegua ematen du, eta, gainera, testuinguruak sortzen ditu kanpotik datozenen sukaldaritza-tradizioak eta -kulturak aditzera emateko.

Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea hautatzeko prozesua

1.000 izendapen eta 600 hautagai inguru izan dira prentsak “Gastronomiaren Nobel” saritzat jotzen duenaren analisi-ardatz. Nazioartean izen handia duten adituek eta akademikoek babesten dute, eta gure garaiko sukaldaririk onenak sartuta daude.

Gutxi gorabehera bi hilabetez, industriako eta sektoreko profesional eta erakundeek planeta osoko sukaldariak izendatu zituzten aintzat hartuta gastronomia aldaketa-motor izan daitekeela, besteak beste, berrikuntza, hezkuntza, ingurumen edo osasunaren arloetan. Diziplina anitzeko adituen taldeak, batzorde teknikoan bilduta, horietatik batzuk hautatu zituen, 2021eko Basque Culinary World Prizeren irabazlearen hautaketa epaimahaiaren esku uzteko.

EDITOREENTZAKO OHARRAK:

  1. Basque Culinary World Prize Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzak, Euskadi Basque Country estrategia integralaren esparruan, emandako saria da. Horrekin herrialdearen marka irudikatzen da, eta sendotasun nahiz berezitasunetatik abiatuta, bikaintasunaren erreferentzia, bizi-kalitate eta gizarte-kohesioaren eredu eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa kokatuta dago.
  2. Basque Culinary Center munduan erakunde akademiko aitzindaria da unibertsitate-hezkuntzan eta, hezkuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetzarekin lotuta, gastronomiaren ahalmena garatzeko orduan. 2009. urtean Donostian eratu zenetik bere ahalegin guztiak diziplina anitzeko gunea sortzen jarri ditu. Helburua da sektorea profesionalizatzea. 2021ean Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatzen du. Sorburutik, erakundeak Gastronomiaren 360º-ko ikuspegia garatu du zenbait ekimen eta proiektutara jota. Aurten ospatuko dira lorpenak eta etorkizuneko erronkak, horiek guztiak erakundearen balioetan oinarritutakoak: pasioa, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa.
  3. Ekimen eraldatzaileak zituzten sukaldarien izendapenak gastronomiaren sektoreko profesional, erakunde eta adituentzat irekita egon ziren 2021eko martxotik maiatzera.
  4. Ekainaren 30ean batzorde teknikoa modu birtualean bildu zen, hautagaiak baloratu eta aurretiko hautaketa egiteko. Hurrengo hauek osatu dute hori: F. Xavier Medina, Gizarte Antropologiako doktorea eta “Elikadura, Kultura eta Garapena” UNESCOko katedraren zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikagaien Zientzia Saileko irakasle afiliatua; Carlos Zamora, enpresaburua, aholkularia eta Deluz taldeko sukaldariburua, 2016an BCWPrako izendatua; Iñaki Martínez de Albeniz, Soziologiako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea; eta Elsa Yranzo, janariarekin zerikusia duten arte-proiektuen diseinatzailea, komisarioa eta dibulgatzailea.
  5. 2020. urtean José Andrés sukaldariak irabazi zuen Basque Culinary World Prize saria, COVID-19ak sortutako krisian World Central Kitchenen bitartez emandako erantzun sendo, global eta inspiratzailearengatik. 2019. urtean, ordea, saria Anthony Myintena izan zen, gastronomia klimaren aldaketari aurre egiteko motor modura erabili zuelako. 2018an saria Eskoziako Jock Zonfrillo sukaldariari eman zitzaion. Berak Australiako jatorrizko herrien elikadura-oroimena babesten dihardu, eta antzinako kultura hori aurkitu eta aldarrikatzeko lanean murgildu da. Leonor Espinosa sukaldari kolonbiarrak eskuratu zuen saria 2017. urtean, Funleorekin herrixka kolonbiarren arbasoen jakinduria aldarrikatzeagatik. Lehen edizioan BCWP Venezuelako Fernanda di Giacobbe sukaldariari eta hezkuntzan, ekintzailetan, ikerketan eta garapenean oinarritutako bere ekimenari eman zitzaion. Kakaoaren inguruan egituratzen da, nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturri baita Venezuelan.
  6. Informazio gehiagorako: www.basqueculinaryworldprize.com
  7. Irabazleen eta beren lanen argazkiak eta bideoak argitaratzeko eskura daude hemen. ( https://drive.google.com/drive/folders/1hkQOUJw3Uu9MdrZEhPGd-k_0rjJtugCX?usp=sharing )