Beatriz Artolazabalek auzolandegien denboraldia inauguratu du Laudion

0
PRUEBA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Laudion dagoen Ermuko Andre Mariaren santutegiaren inguruan kokatutako auzolandegian izan da gaur goizean, Auzolandegiak programaren aurtengo edizioari hasiera ofiziala emateko. Ekimen horren helburua da gazteak gizarte-proiekzioa duen eta bi astetan jarduera osagarriekin batera egingo den lan batean borondatez eta eskuzabaltasunez konprometitzea.

Artolazabalek Laudioko alkate Ander Añibarrorekin, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari Agurtzane Llanorekin eta Laudioko Udaleko hainbat zinegotzi eta udal-arduradunekin batera egin du bisita.

“Ermuko Andre Mariaren santutegiko auzolandegiaren ekimenaren bidez, hainbat balio sustatzen ditugu, hala nola elkartasuna, konpromisoa, erantzukizuna, tolerantzia, bizikidetza-aniztasuna edo kulturartekotasuna”, adierazi du Artolazabal sailburuak programaren aurtengo edizioaren inaugurazio-ekitaldian.

 “Gazteen errudunestearen aurrean, gure neska-mutil gehienen konpromisoa eta erantzukizuna azpimarratu nahi dugu», adierazi du Artolazabalek, eta, gainera, «erantzukizuna» eskatu die: “Jai-giroan ibiltzea eta arduratsua izaten jarraitzea ez dira bateraezinak”.

Auzolandegiak programari dagokionez, programa horrek kultura-ondarea berreskuratzeko egiten duen lanaren balioa azpimarratu du sailburuak. “Laudioko bazter eder honetan, gure kultura- eta identitate-ondarea ez ezik, Burdin Hesiaren aztarnen inguruko memoria historikoa ere berreskura dadin sustatzen dugu”.

Boluntariotza auzolandegietan

Duela egun batzuez geroztik, Estatuko hainbat lekutatik iritsitako 18-26 urteko dozena bat gaztek dihardute Arabako santutegiaren inguruko ondarea berreskuratzeko lanean. Lanak, zehazki, udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko proiektuaren eta Ermuko Andre Mariaren santutegiaren eta Santa Luzia baselizaren monumentu multzoa Babestu eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren esparruan kokatuta daude. Ildo horretan, santutegiaren inguruko arkitektura-elementu txiki batzuk berreskuratzen ari dira, hala nola Mintegietako karobia eta beste karobi batzuk, elurtegia, Bilboko Burdin Hesiaren egitura eta seinaleztatutako bidexkak.

Zehazki, Laudioko auzolandegia bi txandatan banatuta dago. Bata uztailaren 5etik 18ra bitartekoa izango da, eta bestea, berriz, uztailaren 19tik abuztuaren 2ra bitartekoa. Bigarren txanda horretarako plazak geratzen direnez gero, interesdunek badute astia inskribatzeko. Informazio gehiago lor daiteke honako webgune honetan: https://www.gazteaukera.euskadi.eus/auzolandegiak/hasiera/

Auzolandegi horrez gain, Euskadik beste lau ditu Sopuertan, Maeztu eta Gaubean. 15 egunetan, parte-hartzaileek ohiko aisiaz kanpoko jarduerak egiten dituzte, era kreatiboan eta lankidetzan. Gainera, ohiko ibilbideetatik kanpoko landa-eremuak ezagutzeko eta kultura-elkartruke aberasgarri bat bizitzeko aukera dute.