Iker Muniain: “Gure zalegoarekin batera Europara itzuli gura dugu”

0

Iker Muniainek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan. Athleticeko kapitainak “anbizioarekin eta ilusioarekin” ekin dio denboraldiari, “erronka politak baititugu aurretik. Europara itzultzeko borrokatuko dugu, baitan ligan erregularrak izateko, Superkopan txapeldun titulua defendatuko dugu eta Errege Kopan berriro dena emango dugu”.

Aurreko denboraldiko balorazioaz galdetuta, Munianek azpimarratu du “Kopako finalak desilusioz beteta egon arren, Athleticek garaikur berri bat jaso zuela eta bi txapeldunorde titulu lortu zituela. Europako talde gutxik jokatzen du hiru final denboraldi berean. Balioa eman behar zaio horri, meritua duelako. Egia da, halaber, gauza asko zuzendu behar direla, autokritikarako denbora egon da. Ñabardura horiek leuntzeko lanean ari gara jada”.

Kapitain zuri-gorriak fitxaketen merkatua ere aipatu du, eta Lezama defendatu du athleticzaleen harrotasun ikur gisa: “Urtero lehiaketa maila altuagoa da talde guztiak mundu osoko jokalariekin indartzen direlako. Gu indartu egiten gara, ahal dugun eta dakigun bezala, gure harrobiarekin, eta oso harro gaude horretaz. Denboraldi-aurre berri bat hasten dudan bakoitzean, lehen taldeari ekarpenak egiteko mutil berriak etortzen direla ikusteak izugarri pozten nau. Zaleak beti daude aurpegi berrien zain, eta espero dut lehoikume horiek errendimendu baikorra ematea eta urte askoan lehen taldean geratzea. Gauzak ondo egin behar dira eta entrenatzailearen konfiantza lortu behar da”.

Lezaman lanean bi aste eman ondoren, Muniainek denboraldi-aurrearen “exijentzia handia” azpimarratu du Marcelinoren aginduetara: “Arlo fisikoak, teknikoak eta taktikoak asko lantzen ari gara, saio bikoitz eta hirukoitzekin. Horrela eskatzen dute teknikariek, eta guk konfiantza osoa dugu haiengan”.

Azkenik, Txantreako jokalariak maitasun hitzak izan ditu zale zuri-gorriekiko: “Itxaronaldi luze hau eskertu nahi diegu, berriro ere San Mamesen elkar ikusi ahal izateko. Oso faltan bota ditugu, haiek gu bezala, baina motibazio berezia ematen digu afizioaren itzulerak denboraldi berriari begira. Taldeak espero du, gure jendearekin batera, denok buruan ditugun helburuak betetzea: Europara itzultzea eta beste titulu bat lortzeko borrokatzea”.