Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrak babesteko eta koordinatutako operatibo bereziak jarriko dituzte abian Covid-19aren pandemiari aurre egiteko Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zituen eta gaur, ostirala, uztailak 16, indarrean jarri diren osasun-arau berriak betearazteko.
Lehendakariaren Dekretuaren berrikuntza nagusia da 00:00etatik 06:00etara bitartean bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende-pilaketak ezingo direla egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Edonola ere, espazio horiek erabili ahal izango dira pertsonak igarotzeko eta erabilera profesional edo ekonomikoetarako.
Horrela, Euskadiko Poliziak herritarren laguntza eta erantzukizuna eskatzen ditu jai-ekitaldiak, taldeko ospakizunak eta jende-pilaketak saihesteko, aforoak errespetatzeko, segurtasun-tarteak gordetzeko eta maskara behar bezala erabiltzeko.
Era berean, ahalegin berezia egingo da eremu publikoan alkoholdun edariak kontsumitzea eragozteko, batez ere kontsumoa talde handitan egiten denean, botiloietan gertatzen den bezala. Alde horretatik, osasun-agintariek adierazten dute birusaren transmisioa intentsitate handikoa dela, batez ere gazteenen artean. Horregatik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek adin-tarte horren laguntza eskatzen dute, bereziki, orain indarrean jarri den araudi berria errespetatzeko.
Ertzaintzaren eta udaltzaingoen polizia-dispositibo bateratu eta koordinatu horiek prebentzio-lanak indartuko dituzte jaiegunetan edo egun seinalatuetan eta jende gehien elkartzen den lekuetan, besteak beste, herriguneetan, aisialdiko eta jolaserako eremuetan, hondartzetan, botiloiak egin ohi diren lekuetan, etab.
Bestalde, alkoholemia eta droga kontrolak jarriko dituzte Euskadiko errepide guztietan.