Bilbao Bizkaiak indartu egin du turistak erakartzeko eta atzerriko turismo-enpresekin aliantzak sustatzeko estrategia digitala

0

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak indartu egin dute turistak erakartzeko eta gure lurraldeko turismo-enpresen sarearen eta atzerriko merkatuetan sektore horretan lan egiten duten erakundeekin aliantzak sustatzeko estrategia digitala. Indartze hori pandemiak turismoan eragindako aldaketen ondorioa da. Izan ere, mundu digitala turismoa sustatzeko tresna eta COVID-19ari aurre egiteko neurriek mugikortasunean izan duten eragina zuzen-zuzenean jasan duen sektorearentzat negozio-aukerak sortzeko tresna garrantzitsua izatea ekarri dute aldaketa horiek.

Ildo horretan hartutako lehenengo neurrietako bat izan zen iazko udazkenean martxan jarri zen turismoa sustatzeko kanpaina digitala, bisitari izan zitezkeenei zuzendutakoa, estatuaren eremura mugatuta, garai hartan zeuden murrizketen eta turismoan izandako aldaketen ondorioz, epe laburrera merkatu-hobi onena zela pentsatu baitzen. ‘Descubre tu lado Bilbao Bizkaia’ eslogana erabilita eta Itziar Ituño eta Gotzon Mantuliz influencer ospetsuen parte-hartzearekin, kanpaina aurtengo maiatzera arte garatu da eta emaitza oso onak lortu ditu. Izan ere, kanpaina horri esker, Bilbao Bizkaiaren sare sozialen multzoak Euskadin komunitate-liderra izatea lortu du, eta 13,8 pertsonarengana iritsi da. Bilbao Bizkaiaren sare sozialen kokapenak izan duen hobekuntza are nabarmenagoa da kontuan hartzen bada jarraitzaile kopuruan izandako gorakada sendotu egin dela, eta kopuruan ez dela ia aldaketarik nabaritu kanpaina amaitu ondoren.

Kanpaina @visitbiscay-ren sareetan (Facebook eta Instagram) garatu da oso-osorik. Kanpainaren aurretik, bi sare horietan zeuden jarraitzaileen kopurua ez zen 5.000 erabiltzailera iristen. Orain, 131.300 kontu baino gehiago dira. ‘Descubre tu lado Bilbao Bizkaia’ kanpainaren bidez, 82.700 jarraitzaile berri lortu dira Instagramen, eta 38.900 zale berri Facebookeko orrian.

Kanpaina 13,8 milioi pertsonarengana iritsi da, eta 106 milioi eta 29 milioi iritzi baino gehiago jaso dira, hurrenez hurren, Instagramen eta Facebooken. Sare horietako lehenean lortutako interakzioa (engagement delakoa, argitaratutako edukiarekiko interakzioa) 4,8 milioikoa dela zenbatesten da, eta bigarrenean, berriz, 1,6 milioi ingurukoa. Datuak gehiago zehaztuta, Instagramen hau da lortu dena: 49.000 ohar baino gehiago; 1.300.000 erantzun baino gehiago; 17.700 argitalpen gorde dira; 3,3 milioi bistaratze baino gehiago, eta 51.000 klik baino gehiago lotunean. Instagramen, berriz, hau da lortu dena: 9.500 ohar baino gehiago; 223.000 erantzun baino gehiago; 18.000 argitalpen baino gehiago partekatu dira, eta 3,3 milioi bistaratze baino gehiago kanpainaren edukiari lotuta.

Horrenbestez, Instagramen, interakzio horren batez besteko ratioa % 4,6koa izan da, eta Facebooken, berriz, % 5,6koa. Ratio horiek antzeko sektoretako kanpainetan ohikoa denaren gainetik daude, normalean, eta hurrenez hurren, % 2koa eta % 2 eta 3 artekoa izaten baita.