Hezkuntza Sailak deialdi berri bat bultzatuko du 2021-2022 ikasturterako, doktoregoa lortu nahi duten ikertzaileentzat. Zehazki, 392 ikertzailek doktoratu aurreko kontratua izango dute; horietatik 285 kontratu berrituak izango dira eta 107 doktoratu aurreko laguntza berri.
Programa horren bidez, Hezkuntza Sailak doktore-titulua lortzeko ikertzaileen prestakuntza sustatzen du. Era berean, Euskadik bikaintasun-mailan talentua sortzeko duen mapa indartzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaintzen dituen eredu baten bidez. Ikertzaileak lan-munduko errealitatera hurbiltzen ditu, urtero ebaluatu daitekeen lan-kontratu bat garatuz. Horretarako, ikertzaileen belaunaldi baten prestakuntza sustatzen du, funtsezko lau elementuri laguntzen diena: belaunaldien arteko erreleboa, euskal I+G+Bren iraunkortasuna, nazioartekotzea eta bikaintasuneko ikerketa-arlo berriak bultzatzea.
Guztira 8.993.312 euro izango dira, eta deialdi honen bitartez laguntza berriak emango dira eta baita aurreko deialdietan emandako laguntzak berriztu ere. Zehazki, guztizko zenbateko horretatik 2.256.800 euro laguntza berriak emateko erabiliko dira, eta 6.736.512 euro berritzeetarako, honela banatuta:
Laguntza berriak (ikerketa orokorrean) | 2.167.200€ |
Laguntza berritzeak (ikerketa orokorrean) | 6.687.609 € |
Laguntza berriak (Berariazko ikerketan) | 89.600€ |
Laguntza berritzeak (berariazko ikerketan) | 48.903€ |
Guztira | 8.993.312 € |
Hezkuntza Sailak, beraz, aurreko edizioan baino ia 300.000 € gehiago bideratuko ditu ikertzaileen formakuntzarako. Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez 48 hilabete elkarren segidakoak), laguntza berrituz gero.
Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere ezartzen da atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean.
Datorren 2021-2022 ikasturterako deialdi honetan eutsi egiten zaio neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko apustuan iaz irekitako lerro berriari. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko ere abagunea eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko.
Ikerketa estrategikoan lerro berria: Hezkuntzan ikerketa
Hezkuntza arloan berariazko ikerketa-ildo berri baten sorrera da deialdi honen berritasuna, hezkuntzaren eremuarekin lerrokatutako ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzeko helburuarekin. Ildo horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: STEAM hezkuntza, digitalizazioa eta ingurune inklusiboetako hezkuntza-metodologiak eta -gaitasunak. Hezkuntzako ikerketa-arlo espezifiko hori balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan euskal I+G+b etorkizunean garatzeko. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak barneratzen dituen politikaren barruan.
Bestalde, ikerketa orokorrari dagokion ohiko lerroan, ezagutza arlo hauetako ikerlanek dute lekua: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; Gizarte Zientziak eta Humanitateak.
369 ikertzaile
2020-2021 ikasturte honetan, 369 euskal ikertzaile izan dira doktoratu aurreko laguntza hauen onuradun: 102 ikertzaile, onuradun berriak izan dira (horietako bat neutronika eta partikulen azelerazioaren berariazko lerroan), eta gainerako 267 ikertzaileek laguntza berritu egin dute.
Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2019-2022koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.
Gaur onartutako deialdi berriari esker, 107 ikertzaile berri kontratatu ahal izango dira 2021-2022 ikasturtean (hau da, aurreko deialdiarekin alderatuta % 5eko igoera), bai eta doktoratu aurreko 285 kontratu berritzea ere; hortaz, guztira, programak doktoratu aurreko 392 ikertzaile izango ditu aktibo ikasturte berrian.