Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du

0

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu uztailaren 19tik 25era, Euskadiko errepide-sarean trafiko-istripuak eragin ditzaketen arau-hausteak saihesteko.

Alde batetik, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatuko dituzte, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren egiaztatzeko. Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu diren ere zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.

Kamioien kasuan, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen egiaztatuko dute. Autobusen kasuan, aldiz, bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten ere zainduko dute.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan, “Zero Biktima Ikuspenarekin istripuen tasa murrizteko lanean jarraitzen dugu, Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala. Era honetako zaintza eta kontrol kanpainek horretan laguntzen dute, istripu larriak eragin ditzaketen arau-hausteei aurrea hartzen saiatzen diren neurrian”.

Era honetako aurreko kanpainan 277 ibilgailu ikuskatu zituzten, eta horietatik 27 ibilgetu zituzten. Kontroletan 152 arau-hauste erregistratu zituzten, kasurik gehienetan baimendutako gidatze-orduak gainditzeagatik (79), takografoa manipulatzeagatik (26) edo dokumentazioa behar bezala ez izateagatik (30).

Kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 46 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.