«Empresa XXI» hamabostekariak antolatutako enpresa-jardunaldiaren barruan, Hernando Lacalle Edeso Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak Eusko Jaurlaritza osoaren finantzaketa-tresna publikoak eta erdi-publikoak aurkeztu ditu.
Bere azalpenean, Lacallek arreta berezia eskaini dio Finantzen Euskal Institutuari (FEI), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza eta kreditu politika publikoaren tresna gisa jarduteko helburuarekin sortu zena.
FEIren estatutuetan zehaztutako funtzioetatik nabarmentzen dira enpresa publiko eta pribatuei kredituak ematea, kapital sozialean parte hartzea edota beste enpresa batzuei finantzaketa ematen dieten sozietateei laguntza finantzarioa ematea. Baita, gobernuaren sektore-politiken esparruan sustapenera bideratutako finantzaketa antolatzea ere.
2014ra arte (ekitaldi horretan hornitu zen FEI langilez), formalizatutako zenbatekoa 140 milioi eurokoa izan zen guztira, eta hurrengo 2014-2020 aldian gehigarrizko 440 milioi eurora igo zen. Urte horietan garatutako jarduerari esker, inbertsioen edo zirkulatzailearen finantziazio-premiei erantzutea ahalbidetu zaie 300 enpresa edo partikularrei dagokien lanbide-eremuan.
Hernando Lacallek azpimarratu du, bere ustez, FEIk balio erantsia ematen duela banku baten berdinak diren baldintzak aplikatuta. «Finantza-erakundeek kreditua murrizten duten garai honetan, FEIk lehen mailako funtzioa izan behar du, eta enpresa eta banku kofinantzatzaile batzuk erosoago sentitzen dira FEIren finantzaketarekin, uste baitute Eusko Jaurlaritzak laguntza instituzionala ematen diela proiektuei eta enpresei», adierazi du Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburuordeak.
Hitzaldi horretan, Lacallek Eusko Jaurlaritzaren beste finantzaketa-lerro publiko edo erdi publiko batzuk ere zehaztu ditu:
1) Euskadiko Arrisku Kapitaleko Sozietatea, IKIESK, SA. Sozietate honek hainbat funtsekin jarduten du (Ezten; Basque, FCR; Lanpar 2013, FCR; Mondragón Promoción Empresarial).
2) Finkatuz funtsa. Epe luzeko asmoa duten enpresa handietan parte hartzeko tresna, enpresa horiek euskal ekonomian errotzen laguntzeko, industrializazio Planaren ildoen arabera. Tresna honen jarduera 50 langile baino gehiago eta 100 milioi euroko fakturazioa duten enpresetan oinarritzen da.
3) Ekarpen Private Equity, S.A. Euskadirentzat erakargarritasun estrategikoa duten sektoreei laguntzea, balioa sortzeko potentzial handia duten eta dimentsio egokia duten proiektuak lor ditzaten.
4) Abe Private Equity Fund. ABE Capital Partnersek kudeatzen du. Funts horren helburu nagusia da aldi baterako partaidetzak hartzea hazkunde-ahalmen handia eta nazioarteko proiekzioa duten enpresa txiki eta ertainen kapitalean; horiek, jarduera berritzaileetan lehiatzeko abantaila sendo eta jasangarria, eta, aldi berean, inguruko industria-ehuna herrestan eramateko gaitasuna dutela.
5) Aurrerakin itzulgarriak. Besteak beste, Bideratu, Gauzatu Industria, Gauzatu Kanpo ezarpenak.
6) Luzaro EFC, SA. Kreditu finantza-establezimendua, Euskal Autonomia Erkidegoko ETEen finantza-egitura indartzen laguntzeko asmoz sortua.
7) Elkargi, SGR. Elkarren bermerako sozietatea, partaideei bermeak edo abalak emanez Euskal Autonomia Erkidegoko ETEen finantzaketarako sarbidea errazten duena. 21.736 enpresaren sozietate-oinarria du. 2020ko abenduaren 31ra arte, 1.586 milioi euroko abalak zituen indarrean.
8) Elkargi, SGR-Programa GV Covid-19 (2020-2021). COVID-19 programak 8.601 mailegu formalizatzea ahalbidetu du. Guztira 753 milioi euro.
9) Aliantza Cofidesekin. 2019an, Finantzen Euskal Institutuak, SPRI Taldearen barruan dagoen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) eta Compañía Española de Financiación del Desarrollo COFIDES, SA, SMEk asmo-akordio bat sinatu zuten. Bertan hiru erakundeek konpromisoa hartzen zuten euskal enpresak nazioartekotzen laguntzeko, bereziki garabidean dauden herrialde eta ekonomietan eta klima aldaketaren aurkako borroka moduko sektore berritzaileetan.