Uztailaren 20tik aurrera, euskal enpresek eskura izango dituzte hiru laguntza programa berri, zeintzuen helburua baita 4.0 Industriaren aplikazioa bultzatzen jarraitzea, makineria aurreratua ezarriz (Renove Industria 4.0 programarekin), teknologia digitalak aplikatuz (BDIH Konexio ekimenaren bidez) edo EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak merkatura azkarrago transferituz (Basque Industry 4.0).
Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 7,87 milioi euro bideratu ditu SPRI Taldearen bidez kudeatutako programa horietara.
Renove Industria 4.0
Hala, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro eskainiko ditu aurten makineria aurreratua ezartzeko eta, bide horretatik, euskal ETEei bultzada ekonomiko bat emateko Renove Industria 4.0 programaren bitartez. Ekimen hori SPRI Taldearen bitartez jarriko da martxan, uztailaren 20an irekiko da eta eskaerak urriaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira. Renove Industria 4.0 planaren hirugarren edizio honen helburua da laguntzak ematea makineria eta ekipamendu aurreratua erosteko eta industria iraultza berriaren barruan kokatutako proiektuak garatzeko. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
Renove Industria 4.0 plana espreski zuzentzen zaie industri arloko enpresei eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu-enpresei, eta gehienez 100.000 euroko dirulaguntzak ematen ditu enpresako, makineria berria edo/eta ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) eros dezaten eta, bide horretatik, 4.0 Industriako proiektuak inplementatu ditzaten Fabrikazio Aurreratuaren arloan. Programa honen bidez baita ere finantzatzen dira proiektu horien inguruko aholkularitza gastuak. Eskaera bakoitzerako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio-aurrekontuekiko dirulaguntza-portzentajea % 25ekoa izango da.
Iazko aurrekontua ere 5 milioi eurokoa izan zen, eta programak arrakasta handia izan zuen, 99 euskal enpresa eta 104 eskaera babestu baitziren.
BDIH Konexio
Uztailaren 20an irekiko da baita ere BDIH Konexio laguntzak eskatzeko epea. Programa horrek teknologia digital eta jasangarriak aplikatzen laguntzen die enpresei, eta 570.000 euroko dirulaguntzak eskainiko ditu. Iaz 48 euskal enpresa izan ziren programa honen onuradunak, zeinaren bidez Basque Digital Innovation Hub zentroak aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat jartzen baitu enpresen zerbitzura teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko eta ikerketak, testak eta baliozkotze-prozesuak egiteko.
SPRI Taldeak koordinatzen duen izen bereko ekimenak Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-en laudorioak jaso ditu berriki.
Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 20an irekiko da eta zabalik egongo da urriaren 15era arte.
Basque Industry 4.0
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euroko laguntzak eskainiko ditu aurten Basque Industry 4.0 programaren barruan. 4.0 industria bultzatzeko programa horren helburua da EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferitzea merkatura. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da.
Basque Industry 4.0 programaren helburua da babesa ematea “teknologi hornitzaileen” (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen) teknologia manufakturako enpresa industrialetara transferitzeko proiektuei, fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) esparruan. Beraz, programa horren bitartez, EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferituko dira merkatura.