Hezkuntza Sailak 500.000 euro bideratu ditu ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzatara

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2022 urtean ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak ematen dituen Agindua onartu du. Laguntza hauek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten eragileei daude zuzenduak, UPV/EHU salbu. Deialdi honek 500.000 euroko diru-kopurua du.

Deialdia honen xedea da 2022ean zehar ekipamendu zientifikoa erosi ahal izateko diru-laguntzak ematea, beti ere hauen kostua 18.000 eta 240.000 euro artekoa bada (BEZ gabe). Era honetan, deialdiak dituen bi helburu nagusiei erantzuten zaie: batetik, Euskadiko zientzia eta teknologia-ahalbideak areagotzea, eta bestetik, ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu ahal izatea Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan.

Ekipamendu zientifikotzat hartzen da, deialdi honetarako, I+G+b jarduerak garatu ahal izateko beharrezko den bitarteko fisikoen (ekipoen) multzoa. Ekipamendu hauek, entitateetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2023an garatzen hasiak egon beharko dira, ekipamendua erakunde onuradunean funtzionatzen hasten denetik.

Aipaturiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide dira, eta beraz, deialdiaren onuradun izan daiteke: Oinarrizko eta Bikaintasun Ikerketarako Zentroak (BERC); Unibertsitateetako zentro, departamentu, atal, institutu edo bestelako ikerketa unitateak, (UPV/EHUkoak izan ezik); Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC); eta Teknologia Zentroak.