Urkulluk Sanchezi eskatu dio maskara erabiltzera behartzeko eta autonomia-erkidegoei segurtasun juridikoa emateko, gaueko mugikortasuna edo pertsonen taldeak mugatzeko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, lehendakariak gutun bat bidali zion atzo Pedro Sánchez presidenteari, lehendakariak dagoeneko jendaurrean adierazi dituen oinarrizko bi gai eta kezkari buruz.

Alde batetik, maskararen erabilera malgutzeari buruzko ekainaren 24ko Errege Dekretuaren ondorioen inguruko kezka egiaztagarria helarazi dio. Dekretu hori bihar, asteazkena, berretsiko da Diputatuen Kongresuan. Ildo horretan, Zupiriak azaldu du Lehendakariak Presidenteari proposatu diola berretsi aurretik Errege Dekretua aldatzeko, argi eta garbi berresteko hiri-inguruneko araua maskara etengabe erabiltzea dela eta horren derrigortasunetik salbuestea soilik, pertsonarik gabeko naturguneetarako.

Eta, bestalde, gertatzen ari diren kutsatze-mailen eta erkidego mugakideetan hartu beharreko neurrietan gertatzen ari diren egoera desberdinen aurrean, Lehendakariak Presidenteari eskatu dio, formalki eta benetako baterako gobernantza eraginkor baten izenean, aste honetan bertan, beharrezkoak diren neurriak premiaz har ditzala autonomia-erkidego guztiei segurtasun juridikoko esparru nahikoa emateko, beharrezko neurriak berehala aplikatu ahal izateko, hala nola taldekatzearen gehieneko kopurua edo gaueko mugikortasuna.

INDUSTRIA GARATZEKO ETA NAZIOARTEKOTZEKO 2021-2024 PLANA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaur Gobernu Kontseiluak onartutako Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Plana aurkeztu du, ekonomia suspertzen lagunduko duen Plan estrategikoa, pandemiak eragindako erronka koiunturalari eta XXI. mendeko euskal enpresen posizionamenduari erantzunez. Hori guztia Basque Green Deal-en esparruan, Euskadik garapen-eredu berri, inklusibo eta jasangarri batean sakontzeko konpromisoa hartzen baitu. «Plan honekin, gure helburua ezin da izan Covid-19a iritsi aurretik genuen egoerara itzultzea, baizik eta hurrengo olatua hartu eta jauzi kualitatibo berri bat eman behar dugu, euskal industria nazioarteko erreferente gisa kokatzeko eta Euskadin kalitatezko enplegua lortzen eta aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzeko», adierazi du.

Sailburuak azaldu duenez, 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak bizkortzen laguntzeaz gain, 2024 IGNPk hainbat helburu estrategiko zehazten ditu. Horien artean, BPGren % 40 manufaktura-industriak eta zerbitzu aurreratuek osatzeko helburua nabarmentzen da, industriari lotutako jarduera gisa eta berrikuntzan eta digitalizazioan balioa ematen duen jarduera gisa. Ildo horretan, iragarri du uztailaren amaierarako Euskadik Adimen Artifiziala lantzeko erakunde propioa izango duela, BAIC-Basque artificial Intelligence Center izenekoa.

Nazioartekotzeari dagokionean, Arantxa Tapiak nabarmendu du nazioartekotzea areagotuko dela lehia-palanka gisa, eta merkataritza-bulegoen kanpo-sarea indartuko dela, Japonian eta Korean ordezkaritza berri bana irekiz, 2021. urtearen amaierarako, Asiako merkatuen aldeko apustu sendoa eginez.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Gobernuko bozeramaileak jakitera eman du Gobernu gaur onartu duela Euskadiko langile autonomoen elkarte profesionalen erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren araudiari buruzko dekretua.

Gainera, Gobernu Kontseiluak 2,79 milioi euroko diru-laguntza agindu bat onartu du gaur Gizarte Ekonomian ekiteko. Laguntzak hiru kapitulu bereizi finantzatzeko izango dira: gizarte-ekonomiako enpresa eratzea eta sustatzea, planifikatutako lurralde-sustapena eta enpresa mota horren finkapena. Bestalde, Kontseiluak 250.000 euroko beste agindu bat onartu du Gizarte Ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen duen agindua onartu du; haren bidez, 68 milioi euro bideratzen dira Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko ikerkuntza kooperatiborako zentro eta zentro teknologikoetara.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak bi laguntza-deialdi onartu ditu. Lehena , Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial  egiteko, hain zuzen, eta 985.000 euro bideratzen dira. Beste deialdia berriz, 500.000 euroko diru-kopurua duena, 2022 urtean ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak dira, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten eragileei daude zuzenduak, UPV/EHU salbu.

Halaber, Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu ditu “Finkatze Kapitala, S.A.” sozietate publikoaren aurtengo kapital- eta ustiapen-aurrekontuak, 162 milioi euro izan dira. Finkatuz funtsa kudeatzen duen sozietate publikoaren helburu soziala Euskadiko enpresa handietan epe luzerako partaidetza finantzarioak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea da, bermatzeko jarraituko dutela hemen sustraituta egoten eta euskal produkzio-sare osoan trakzio-izaera izaten.

Gobernu Kontseiluak, halaber, datozen urteotarako etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko laguntzen araudia eguneratzen duen eta laguntzak urte osoan zehar eskatzeko aukera emango duen agindua onartu du; hala, ez da urtero deialdi bat ireki beharko eskatu ahal izateko, laguntza publikoen lerroetako batean orain arte gertatu den bezala.

Horrez gainera, Gobernu Kontseiluak Auzolana II Babes Komunitarioko Programari bi urteko luzapena ematea onartu du, nazioarteko babesaren onuradun diren pertsonei arreta emateko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, Migrazioen Estatu Idazkaritzak, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak (UNHCR), Ignacio Ellacuría Fundazioak eta Cáritasek luzatu egingo dute familia gehiago hartzeko beharrezkoak diren ekintzak egiteko lankidetza-hitzarmena.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailari dagokionez, sailburuak jakitera eman du, Gobernu Kontseiluak  “Bitartez” deituriko deialdia onartu duela, bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometitua dauden kultura eta gizarte arloko bitartekaritza eta berrikuntza proiektuei bideratutako dirulaguntzak. Guztira 500.000 euroko diru partida bideratuko da.

Gainera, jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluak 410.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu duela Urtxintxa Aisialdiko Eskola Gipuzkoa Elkartearentzat IKUSIKA 2021 udalekuak antolatzeko. Udaleku hauen helburua ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea izan da, izan ere, COVID-19aren ondorioz gazte asko euskaratik aldendu dira.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen  berri eman du, baita txertaketa prozesuaren inguruko informazioa ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena