Zarauzko Udalak udalerriko airearen kalitatea neurtzeko kanpaina jarriko du abian. Horretarako, trafikoak eta industriak atmosferara egiten dituzten emisioak neurtuko dira, eta, horretarako, ebaluazioa egiteaz arduratzen den enpresak hainbat neurketa-aparatu jarriko ditu herrian zehar, egon daitezkeen partikula kutsatzaileen presentziaren balio adierazgarriak jasotzeko. Funtsean, honako parametro hauek neurtuko dira: NO2, NO, VOCak (Volatile organic compounds) eta partikulak. Duela 3 urte egindako zarata-mapak erreferentzia gisa balio du trafikoaren ondorioz atmosferan egon daitezkeen kutsadura-fokuak detektatzeko.
Azterketa hau, bere lehen fasean, uztailaren 22tik irailaren 20ra bitartean egingo da, eta oporraldian zehar egoten diren mailak aztertuko dira, trafiko gehiago dagoenean. Hurrengo fasea udazkenean egingo da.
«Gure udalerrian airearen kalitatea kontrolatzen dugun lehen aldia da. Hasiera batean, ez dago adierazlerik gure udalerrian kutsadura atmosferiko handia egon daitekeenik, baina Ingurumen Sailetik uste dugu garrantzitsua dela neurketa egokiak egitea horrela dela ziur egoteko, edo neurri egokiak hartu ahal izateko airean kutsatzaile esanguratsuren bat antzemango balitz», azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
Neurketa horiek egiteko, monitorizazio-ekipo estatikoak eta mugikorrak erabiliko dira, bai eta kartutxo xurgatzaileak ere, ondoren aztertzeko. Monitorizazio mugikorra egiteko ibilgailu elektriko bat erabiliko da. Ibilgailu hori udalerrian zehar ibiliko da, eta egun osoan zehar laginak hartuko ditu etengabe.
Monitorizazio-ekipo estatikoen eta kaptadoreen kasuan, faroletan edo antzekoetan instalatuko dira, 2,5 eta 3,5 metro arteko altueran, gutxi gorabehera, eta lekuz aldatzen joango dira, udalerriko eremu osoan egon daitezkeen kutsatzaileak atzeman ahal izateko.