Bizkaiko golkoko antxoaren stocka

0

Bizkaiko golkoan kalkulatutako antxoaren behin-behineko biomasa 170.000 tona ingurukoa da aurten, Eusko Jaurlaritzak AZTI zentro teknologikoaren bidez bultzatutako Bioman kanpaina zientifikoaren datuen arabera.

2021eko azterlanean kalkulatutako antxoaren stocka, gainera, 21.000 tonatik oso gora dago, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa.

Bioman kanpainaren datuak, antxoa helduen egoera ebaluatzen duena, gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurreko batean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek eta AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok.

Biomasari buruzko datu positiboez gain, ikerketaren arabera, aleen %70 1 adinekoak dira. Horrek esan nahi du datorren urteko kosterak ere emaitza positiboak izango dituela.

Bioman kanpaina zientifikoa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza ere badu, Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoak kanpainaren esku jarriz.

Prentsaurrekoan, Oroz sailburuordeak kanpainaren emaitzen balorazio positiboa egin du. «Datuek argi eta garbi erakusten dute antxoaren egoera ona dela. Antxoa dugu arrantzarako funtsezko baliabidea Euskadin, eta gure ekonomiaren elementu dinamizatzailea. Bioman kanpaina funtsezko tresna da gure itsasoen eta hauek ematen dizkiguten baliabideen egoera ezagutzeko, eta ingurumena zaintzeko, euskal arrantza-sektorearen iraunkortasunerako eta Kantauriko itsasertza kontserbatzeko dugun konpromisoaren barruan kokatzen da «, adierazi du Orozek.

Aurtengo antxoaren kosterari buruzko datuei dagokienez, sailburuordeak adierazi du euskal ontzien harrapaketak 8.600 tonakoak izan direla. Lonjako batez besteko prezioa 1,41 €/ kg-koa izan da, eta iaz, berriz, 1,38 €/ kg-koa.

Bestalde, Rogelio Pozok azpimarratu duenez, gaur aurkeztutako emaitzek «azken urteetako joera positiboa erakusten dute». Halaber, 1 urteko ale asko daudela nabarmendu du Pozok. «Honekin, datorren urterako kostera ona izango dela iragarri daiteke, baikortasunerako gonbita egiten duen beste datu bat da.  Gainera, Bioman kanpaina bezalako ikerketak oso tresna baliagarriak izaten ari direla baieztatzen du, ekosistemen bilakaera kontrolatzeko eta euskal ekonomiarentzat antxoaren arrantza bezain garrantzitsua den sektore baten jarduera bermatzeko», esan du Pozok.

Antxoaren biomasaren behin betiko balioespena lortzeko, honako kanpaina hauetan lortutako emaitzak batera aztertuko dira: Bioman 2021 kanpaina (helduak-MPDH), Pelgas 2021 kanpaina (helduak-akustikoa), Juvena 2021 kanpaina (gazte-akustikoa) eta flotaren harrapaketak. 2021eko azaroan egingo da behin betiko azterketa, CIEM WGHANSAko antxoa, sardina eta txitxarroaren lantaldean.

Ikuspegi ekosistemikoa duen analisia

Antxoaren biomasaren estimazioari dagokionez, duela urte batzuk Biomanek kanpainari ikuspegi ekosistemikoa ematen dioten zereginak ere sartu ditu. Horri esker, aldakortasun naturalak eta klima-aldaketak arrantza-baliabide horien dinamikan nola eragiten duten azter daiteke, Itsas Estrategiaren eta Arrantza Politika Erkidearen Esparru Zuzentaraua betetzen lagunduz.

Alde batetik, kopepodoen biomasaren azterketa egin da. Kopepodoak krustazeo txikiak dira, zooplanktonen ia % 70 osatzen dutenak eta antxoarentzako elikagai gisa balio dutenak, eta analisiaren arabera, kalkulatzen da erregistro hori hamarkada bakoitzeko % 2,4 handitu dela 1987ko lehen kanpainatik.

Gainera, ingurumen-DNAren teknologia duela bost urtetik erabiltzen da Biomanen, itsas ingurunean dauden makroorganismoei buruzko informazioa emateko, hauek ikusi edo lagindu beharrik gabe. Laginketa-puntu bakoitzeko 2L ur aztertuz gero, egiaztatu da itsas ingurunea aztertzeko modu hori baliagarria dela. Aurkitutako espezieen emaitzak bat datoz arrantza-aparailuekin egindako laginketen emaitzekin, eta espezieen ugaritasuna eta banaketari buruzko informazioa lortzen da ingurunearekin hain inbaditzailea ez den modu bat erabiliz.

Itsasoko zaborrei dagokienez, eredu matematikoen arabera, Bizkaiko golkoa, bere kokapenagatik eta itsas korronteengatik, itsas zabor flotatzaileak pilatzen diren gunea da. Azken 5 urteetan egindako laginketek erakusten dute mikroplastikoen ugaritasuna handitu egin dela (0,5 cm baino gutxiagoko plastikoak). Ikusitako zabor flotatzaileen % 89 plastikoa da, batez ere bilgarriak (%17). Jatorriari dagokionez, %12 itsas iturrikoak dira (baztertutako arrantza-sareak, sokak, etab.).