Urkulluk Arcelor Mittal-eko CEOarekin bildu da multinazionalak Sestaoko plantaren alde egindako apustua ezagutzeko

0

Lehendakariak eta Arantxa Tapia sailburuak bilera telematiko bat izan dute gaur eguerdian Aditya Mittal-ekin, Arcelor Mittal-eko CEOarekin, multinazionalak Sestaoko plantaren alde egindako apustua lehen eskutik ezagutzeko.

Bileran, multinazionalaren arduradun exekutibo nagusiak —Erresuma Batutik konektatua— azaldu ditu 50 milioi euroko inbertsioa egiteko arrazoiak eta interesa. Inbertsio horren bidez, euskal instalazioa munduko lehen altzairutegia bihurtuko da, eta ez du karbono-emisiorik izango ekoizpen-prozesu osoan.

Konpainiak berriki aurreratu duen bezala, 2025etik aurrera Sestaoko instalazioak —automobilgintzarako, eraikuntzarako eta industria orokorrerako altzairuzko produktu lauen sorta bat ekoizten du— 1,6 milioi tona altzairu ekoitziko ditu, karbono-emisiorik gabe. Honela lortuko da hori:

  • Sestaoko lantegian dauden arku elektrikoko bi labeetako karga metalikoa aldatuko du, birziklatutako txatarraren proportzioa handituz, ikuspegi zirkular batekin, eta Gijonen ekoiztutako hidrogeno berdearekin egindako burdinazko aurreerreduzituak erabiliz.
  • Instalazioko instalazio siderurgiko guztiak (arku elektrikoko labeak, ijezketa-trena, akabera-lineak) energia berriztagarriko iturrietatik datorren elektrizitatearekin elikatuz.
  • Sortzen ari diren funtsezko zenbait teknologia sartuz. Teknologia horiei esker, siderurgia-prozesuan erregai fosilen geldikin gutxi erabili ordez, energia-bektore neutroak (adibidez, modu iraunkorrean sortutako biomasa edo hidrogeno berdea) erabil daitezke.

Eusko Jaurlaritzak oso positibotzat jo du Arcellor Mittal-ek Euskadiren alde egindako apustua, bai inbertsio ekonomikoa, bai ekoizpen-ereduaren jasangarritasunaren aldeko apustua; izan ere, guztiz bat dator Basque Green Dealen aurreikusitako garapen iraunkorreko eredu berriarekin. Are gehiago, oso industria-sektore intentsibo eta konplexua da, produkzioaren ikuspegitik, eta oso errotua dago Euskadiko industrian.