Zarauzko Modelo Aretoko hornikuntza

0
PRUEBA

2019an ireki zituen bere ateak Modelo Aretoak eta Zarauzko kultur-ikuskizunen ardatz bilakatu zen berehala. Berritze lanak amaitu ondoren, ekipamendu eszenikoaren berrikuntzarik ez egiteko erabakia hartu zen, areto honek eduki zitzakeen erabilera posibleak aztertu eta erabaki bitartean.

Modelo Aretoak izango duen erabilera zehaztu ondoren, hauek aurrera eramateko beharrezkoa den ekipamendu eszenikoa osatzeko materiala eta, bide batez, zenbait hobekuntza egiteko baliatuko diren lanak abian jarri ditu Udalak. Orain arte aretoak izan duen erabilerak erakutsi du zenbait elementu estrukturaletan aldaketak eginez teknikari eszenikoen lanean erosotasunean eta segurtasunean irabaziko dela.

«Kulturarekin dugun konpromisoa indartu nahi dugu. Azken urte eta erdian Udalak mota guztietako kultur jarduerak antolatu ditu publiko guztiarentzat Modelo Areto berrituan» adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV alkateak). «Eraberritzearen ondoren instalazioak kamerinoak eta zerbitzu eguneratuak baditu ere, ekipamendu eszenikoa hobetzeko unea iritsi da, jarduera eta ikuskizun gehiago eta are hobeak programatu ahal izateko».

Hornikuntza eta egokitzapen lan hauek Cinetronica S.L. enpresak egingo ditu eta 81.892,22 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute. Modelo Aretoan egiten ari diren egokitzapen eta hornidura lan hauek bost ataletan banatzen dira:

1.    Makinak eta oihalak: eszenatokian kaja beltza lortzeko eta oihalen mugimendua behar eszenikoen arabera mugitzeko telak osatu eta estrukturak egokituko dira.

2.    Fokuen euskarria: bara frontalean foku gehiago jartzeko aukera izateko, eta teknikariek erosotasun handiagoz muntaiak egiteko estruktura berria ezarriko da.

3.    Altzariak: soinu eta argiztapen kontrol mahaia neurrira egin eta hornituko da, bertan konexio guztiak modu errazean eta dagoen espazioari ahalik eta aprobetxamendu handiena ateratzeko.

4.    Argiteria: argi mahaia eta mota guztietako fokuen hornidura, guztiak led lanpararekin hornituta, horrela askoz ere kontsumo baxuagoa eta jasangarriagoak izatea dute helburu.

5.    Soinua: egun Modelok dituen altabozak zintzilikatu egingo dira, eszenatokia garbi eta libre geratzeko. Oinarrizko mikrofonia eta soinu mahaia jarriko dira, horrela, talde handiak ez diren eguneroko ekitaldietarako soinua bermatua egongo da.

Lanen iraupena bi aste ingurukoa izango da baina, hala ere, ez da Modelo Aretoko egitaraua etengo. Asteburuetako zinema emanaldiak bere horretan jarraituko dute hornikuntza eta egokitzapen lan hauek egin bitartean.