Bingen Zupiriak Iparraldeko Donejakue Bidearen inguruko udako ikastaroari hasiera eman dio

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eman dio hasiera gaur, EHUren Udako Ikastaroen barruan, “El Camino de Santiago del Norte, un gran Itinerario Cultural Europeo en la encrucijada de un futuro sostenible” ikastaroari. EHUren Udako Ikastaroen barnean eta Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendariak zuzenduta, bi egunez, Iparraldeko Donejakue Bidearen errealitatean sakontzea du helburu ikastaroak.

Gaur eta bihar egingo den Uda Ikastaro honetan parte hartzen dutenek Iparraldeko Done Jakue Bideen errealitatea birpentsatu eta sakonduko dute, gaur egungo pandemiaren edo osasun krisiaren testuinguruan. Europako Kultur Ibilbide Handi honen erronkak eta aukerak planteatuko dituzte, izan ere, ondare aberastasun material eta immaterial handia gordetzeaz gain, herrien eta mundua osatzen duten errealitate desberdinen arteko ezagutzarako eta kultura trukerako aukera bat da.

Hizlarien artean Galiziako, Bartzelonako, Europako edo bertako adituak daude eta bi egunez, Europako erakundeek nola lan egiten eta ondarea nola babesten duten aztertuko dute, Done Jakueko Kontseiluaren funtzionaltasunean sakonduko dute edota 2021eko Xacobeoren helburu eta planak aztertuko dituzte. Azken finean mende honetan eta pandemiaren ondoren, Donejakue Bidearen esku hartzean, babesean, ikerketan eta jasangarritasun erronketan dauden ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak aztertuko dira.