LABIren Aholku Batzordeak prebentzio-neurriak indartzea erabaki du

0

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, dekretu berri bat onartzea erabaki du, prebentzio-neurriak indartzeko eta egungo egoera epidemiologikoari aurre egiteko.

Ondoren egindako agerraldian, Lehendakariak dekretu berrian jasotako edukiaren berri eman du, eta egungo egoera epidemiologikoa azaldu du. Hala, Bizi Berri IV Planaren adierazleei erreparatuta, 2. agertokitik 3. agertoki berrira igaro garela adierazi du.

Lehendakariak «beste ahalegin bat» eskatu du, eta prebentzio-neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du: maskara, distantzia eta pilaketak saihestea. » Gehiegi erlaxatzea da irizpiderik txarrena. Beharrezkoa da norberaren babeserako neurri guztiak betetzen jarraitzea. Hau ez da amaitu. Uda hemen dago, baina birusak ere gure artean jarraitzen du eta oso hilkorra da. Osasun larrialdian jarraitzen dugu, guztion ahalegina mantendu  behar dugu», adierazi du.

DEKRETU BERRIA

Egoera berriaren baitan, LABIren Aholku Batzordeak dekretu berri bat onartu du. Bihar, uztailak 23, jarriko da indarrean, eta indarrean dauden neurriei eusteaz gain, honako erabaki hauek ere hartzen ditu:

  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da trantsitua duten hiri-inguruneetan. Gainera, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan nahitaez eta uneoro erabili behar da maskara, barrualdeetan zein terrazetan, salbuespen bakarra elikagaiak edo edariak hartzeko unea da.
  • Gaueko 01: 00etara aurreratzen da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak ixteko gehieneko ordutegia.
  • Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztu da lokal eta instalazio guztietarako, ostalaritzarako barne, dagoeneko kontratatuta dauden jardueretarako izan ezik; eta, gainera, murriztu egin da gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua.
  • Kutsatze-kasu batek edo kontaktu estuek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen miaketan. Dekretuak konfinatzeko edo berrogeialdia egiteko betebeharra ere ezartzen du, agintarien eta osasun-zerbitzuen jarraibideak betez.
  • Herritarrei, beren autoerantzukizunean oinarrituta, autolimitazio boluntarioa eskatzen zaie, honako neurri hauek aplikatzeko:
    • Gaueko ordu batetik seietarako mugigarritasuna mugatzea;
    • Taldea gehienez ere sei pertsonatara mugatzea.
    • Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala, lehen sintomak izan bezain laster; baita osasun-zerbitzuekiko komunikazioa ere.

PANDEMIAREN BILAKAERA

Lehendakariak nabarmendu du txertaketa-ehuneko txikia eta harreman sozial handia duten adin-tarteetan transmisio oso handia gertatzen ari dela, aurreko olatuetan baino handiagoa. Hala ere, 65 urtetik gorakoei eragindako kalteak, ZIUko okupazioak edo heriotzak pandemiaren aurreko faseetan baino eragin txikiagoa izan dute.

Hala, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 682 kasukoa dela azaldu du – 30 urtetik beherakoen artean 1.081 eta 65 urtetik gorakoen artean 146 baino ez –, eta kutsatze kopurua handitzeak ospitaleetan eta ZIU oheetan okupazio handiagoa izatea dakarrela gaineratu du. “Dena den, ESI guztiak Osakidetzaren Kontingentzia Planaren lehenengo agertokian mantentzen dira”, adierazi du.

Txertaketari dagokionez, Urkulluk jakitera eman du 16 urtetik gorako biztanleen % 76k dosi bat dutela eta % 63k jarraibide osoa. » Dagoeneko 29 urtetik beherako pertsona guztien txertaketa hasi da», gaineratu du.

Era berean, Delta aldaerak % 75etik gorako presentzia duela eta infekzio-ahalmena aurreko aldaerak baino nabarmen handiagoa dela azpimarratu du.