Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek elkarrizketan oinarritutako eta biktimak ardatz dituen justizia errestauratiboaren eredua defendatu du gaur. Eredu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria da Estatuan, eta Sailak Justizia Administrazioaren esparruan garatzen dituen jarduera gehienak bertan oinarritzen ditu.
«Justizia, letra larriz, pertsona ahulenei zuzendutako gizarte-politiken beste tresna bat dela ulertu behar da», azpimarratu du sailburuak Notariotzaren Kontseilu Nagusiak antolatutako «Segurtasun juridikoa eta digitalizazioa» ikastaroaren amaiera-ekitaldian. Azken bi egunetan, bi gai horietako adituak bildu dira Donostian, Unibersidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen esparruan.
Justizia errestauratiboaren eredua defendatzeaz gain, Artolazabalek Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzeari buruz hitz egin du. «Gaur egun, efizientzia digitaleko lege-proiektu bat lantzen ari dira, eta horrek beste bultzada bat emango die digitalizazioari eta justiziako bitarteko telematikoei», zehaztu du.
Duela urte batzuk hasi zen eraldaketa teknologikoko prozesu hori azkartu egin da azken hilabeteetan, pandemiak iraun duen bitartean epaiketa telematiko gehiago izan direlako eta telelana aplikatu delako. Haren ezarpenak zalantza batzuk ere eragin ditu.
Gaur sailburuak planteatu dituen gaiak, hala nola epaiketa telematikoa eta epailearen berehalakotasuna bateragarri egitea, agertutakoen nortasuna egiaztatzea, aldeen arteko berdintasuna ziurtatzeko modua edo kolektibo ahulenei eragiten dieten eten digitalaren arazoak konpontzeko modua zehaztu gabe daude sektorean.
Erantzun gisa, sailburuak honako hau ondorioztatu du: «esperientziak agerian utzi du egintza prozesal telematikoak egitean egiazko arauak eta arau seguruak behar direla».