Ertzaintzak eta udaltzaingoek indartu egingo dituzte prebentzio-dispositiboak

0

Gogorarazten da Euskadiko erakundeek bertan behera utzi dituztela herrietako eta hiriburuetako udako jai-ospakizunetako ekitaldi publiko jendetsuak, eta 00:00etatik 06:00etara ezin direla elkarrekin egon bizikideak ez diren pertsona multzoak

Ertzaintzak eta udaltzaingoek prebentziora eta herritarrak babestera bideratutako operatibo koordinatu bereziekin jarraituko dute Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia betearazi ahal izateko. Helburu nagusiak dira eremu publikoetan alkoholdun edarien kontsumoa saihestea eta osasun publikoa arriskuan jartzen duten pertsona pilaketak eragoztea, birusaren transmisioa errazten baitute.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du Euskadiko erakundeek bertan behera utzi dituztela herrietako eta hiriburuetako udako jai-ospakizunetako ekitaldi publiko jendetsu guztiak. Gainera, osasun-araudiaren arabera, 00:00etatik 06:00etara bitartean bizikideak ez diren pertsona multzoak ezin dira egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Edonola ere, espazio horiek erabili ahal izango dira pertsonak igarotzeko eta erabilera profesional edo ekonomikoetarako.

Horrela, araudia bete ahal izateko eta kutsatzeen azken olatua geldiarazteko, Euskadiko poliziek herritarren laguntza eta erantzukizuna eskatzen dituzte, alde batetik, jai-ekitaldiak, taldeko ospakizunak eta jende-pilaketak saihesteko, eta, bestetik, aforoak errespetatzeko, segurtasun-tarteak gordetzeko eta maskara behar bezala erabiltzeko.

Era berean, ahalegin berezia egingo da eremu publikoan alkoholdun edariak kontsumitzea eragozteko, batez ere kontsumoa talde handitan egiten denean, botiloietan gertatzen den bezala. Alde horretatik, agintariek ardura eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzen dituzte birusaren transmisio-intentsitate handia geldiarazteko, batez ere, gazteenen artean. Horregatik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek adin-tarte horren laguntza eskatzen dute, bereziki, araudia eta babes-jarraibide sanitarioak errespetatzeko.

Prebentzioa

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen polizia-dispositibo bateratu eta koordinatu horiek prebentzio-lanak indartuko dituzte jaiegunetan edo egun seinalatuetan eta jende gehien elkartzen den lekuetan, besteak beste, herriguneetan, aisialdiko eta jolaserako eremuetan, hondartzetan, botiloiak egin ohi diren lekuetan, etab.

Era berean, ohikoa den moduan, eta, bereziki uda garaian, alkoholemia eta droga kontrolak jarriko dituzte Euskadiko errepide guztietan.

OHARRA: Josu Bujanda Ertzaintzaren buruaren eta Jose Anta Donostiako Udaltzaingoaren komisario buruaren adierazpenak erantsi dira.