Prebentzio neurriak betetzeko elkarlanean arituko dira Azpeitiko udala eta Alde Zaharreko tabernariak

0
PRUEBA

Iaz bezala, aurten ere, santio eta saninazio festak bertan behera uztea erabaki dute festak antolatzen aritzen diren eragileek. Herritarren osasuna babesteko helburuz hartutako erabakia da eta prebentzio neurriak bete daitezen lanean dihardute.

Alde Zaharreko tabernariak eta udalak hainbat bilera egin dituzte azken asteotan, datozen egun seinalatuei begira. Azpeitiko egoera gehiago okertu ez dadin, prebentzio neurriak ondo betetzearen beharra eta garrantzia azpimarratu nahi izan dituzte. Horretarako, prebentzio neurriak betetzeko elkarlanean aritzea adostu dute. Hala, ostalariek beren negozioetan neurriak zorrotz betearazteko konpromisoa hartu dute eta udalak baliabide publikoak indartuko ditu osasun protokoloak bete daitezen; udaltzaingoa arituko da ostalariei laguntza eskaintzen, neurriak betetzeko.

Elkarlanean arituko dira, beraz, tabernariak eta udala. Gogoratu dute, guztion betebeharra dela arauak errespetatzea. Eta ondorioz, ezinbestekoa izango maskara jantzita izatea eta jan-edanerako soilik kentzea, ezingo da zutik kontsumitu eta terrazan nahiz taberna barruan eserita eta gehienez ere 6 laguneko taldean kontsumitu ahalko da.

Arauak bete beharraren garrantzia aipatzeaz gain, egun seinalatuetan Azpeitira ez etortzeko deia luzatu nahi izan diete inguruko herrietako biztanleei eta kanpotarrei. Azpeitiarrei, berriz, herritik kanpoko lagun eta senidekin festarako ohiko planik eta gonbidapenik ez egiteko eskatu diete.

Azken asteotan, beste hainbat tokitan bezala, Azpeitian ere gora egin du kutsatuen kopuruak eta prebentzio neurriak betetzen ez diren kasuan, gaitzaren hedapenerako arriskua areagotuko litzateke. Egoera honetan, udalak zein tabernariek gogorarazi dute ez dagoela festarako baldintzarik, eta jende pilaketak ekidin eta lanean ari direnei beren egitekoa errazteko deia egin dute.