Donostiako Udalaren lan-poltsak webgunean kontsulta daitezke

0

Donostiako Udalak atal berri bat sortu du bere webgunean eta, hemendik aurrera, lan-poltsetan dauden pertsonek www.donostia.eus («Nire gestioetara sarrera» atalean) helbidean kontsultatu ahal izango dute beren egoera.

Juan Ramón Viles Lehendakaritzako zinegotziak nabarmendu duenez, “honekin beste pauso bat ematen dugu Udalaren digitalizazio-prozesuetann, eta administrazio publikoa askoz eskuragarriagoa egiten dugu herritarrentzat. Funtzionalitate berri honi esker, askoz errazagoa eta zuzenagoa izango da pertsona askorentzat hain garrantzitsua den informazioa eskuratzea, hala nola lan-poltsen egoera”.

Izan ere, poltsa horiek osatzen dituzten pertsona guztiek parte hartzen duten zerrenden informazio eguneratua eskuratu ahal izango dute, eta horien barruan duten posizioa eta gainerako kideekiko duten egoera ere ezagutu ahal izango dituzte.

Sarbide digitala

Informazio guzti hori ikusi ahal izateko, beharrezkoa da identifikazio digitalerako sistema bat izatea (Ziurtagiri Digitala, BakQ…) eta “Nire gestioetara sarrera” estekaren bidez sartzea. Esteka hori udalaren webgunearen goiko aldean aurkitu daiteke.

Bide horretatik egin daitezkeen izapideen artean, lan-poltsen kontsulta gehitu da orain. Kontsulta hori lan-poltsetan parte hartzen duten pertsonek bakarrik ikusi ahal izango dute. Sistema hori erabat eguneratua egongo da, lan eskaintza bat tramitatu ahala, bakoitzaren egoera eguneratuko baita.

Udalaren lan poltsak

Momentu honetan, Donostiako Udalak 195 lan poltsa ditu, lanbide talde eta kategoria desberdinetakoak (administrariak, teknikariak, etab.), eta 2.900 hautagai inguru biltzen ditu.

Zerrenda horiek, batez ere, enplegu publikoa finkatzeko Udalean egin diren hautaketa-prozesuen bidez sortzen dira. Poltsa gehienak hautapen prozesua gainditu eta administrazioan lanpostu bat lortzeko behar adinako puntuaziorik izan ez duten pertsonek osatzen dituzte.