Estazio ozeano-meteorologiko bat instalatu dute Mutrikuko portuko kanpoko dikean

0

Euskalmet  – Euskal Meteorologia Agentziak estazio ozeano-meteorologiko bat jarri du abian Mutrikuko portuko kanpoko dikean, orain dela hamar urte Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) BIMEPek (Biscay Marine Energy Platform) kudeatzen duen olatuen zentrala instalatu zuen lekuan. Ekipamendu berriaren proiektua hainbat erakunderen laguntzaz gauzatu ahal izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru aldundiaren, Mutrikuko Udalaren eta AZTI  itsas ingurunean espezializatutako zentro teknologikoaren laguntzaz, eta itsasertzaren zati handi bateko olatuei buruzko datuak emango ditu (baita olatuen zentralera iristen den olatu bakoitzaren datu indibidualizatuak ere), eta itsasoaren tenperaturari eta galernen intentsitateari eta abiadurari buruzkoak ere bai.

Ekipamendu honi esker, Euskalmetek ipar-ekialdera (Iparralderantz) zuzendutako itsasertzeko datuak bilduko ditu, orain arte ez baitzuen eremu horri buruzko datu zuzenik, eta, aldi berean, galernei buruzko balio handiko informazioa ere lortuko du, ohiko fenomenoa izanik maiatzetik irailera bitartean. Alde horretatik, Euskadik aurten, orain arte, hiru galerna erregistratu ditu.

Mutrikuko estazioa erabilera anitzekoa izango da, oso arlo ezberdinei buruzko informazioa emango baitu.

  • Alde batetik, informazio meteorologikoa izango du, eta egoera atmosferiko ezberdinei buruzko jarraipena egin ahal izango da, beraz, besteak beste, galernen bilakaerarena, eta, gainera, denbora errealean neurtuko ditu airearen tenperatura, hezetasun erlatiboa, haizea eta eguzkitik datorren energia.
  • Bestalde, estazioa buia bati konektatuta egongo da, eta honek itsasoko uraren tenperaturari eta olatuei buruzko datuak hornituko ditu, olatu bakoitzaren ezaugarriak ere barne direla. Era horretara, olatuei buruzko ahalik eta informazio gehien jakin nahi da, baliagarria izango dena bai Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarentzat, babes zibilarekin eta denboraleekin zerikusia duten prebentziozko alderdiei dagokienez, bai BIMEPentzat, olatuek sortzen duten elektrizitatearen ekoizpena doitzeko eta optimizatzeko, modu horretan sistema horien eraginkortasuna hobetuz.
  • Azkenik, “KostaSystem” izeneko bideometria-sistema bat du. Sistemak 4 kamera ditu eta olatuak eta olatuen lehertzea, portuko agitazioa eta kostaldeko gainditzeak kontrolatzen lagunduko du, Mutrikuko hondartzaren erabilpenari buruzko informazio interesgarria emateaz gainera.

Bestalde, BiMEPek bi instalazio ditu energia berriztagarrien teknologiak garatzera bideratuta: bat, itsaso zabalean probak egiteko, eta bestea, aire turbinen, kontrol estrategien eta ekipamendu osagarrien inguruko kontzeptu berriak probatzeko. Euskalmeten itsasertzeko estazio berriak emandako datuei esker (besteak beste, olatuen altuera eta periodoa, mareak, presio atmosferikoa, haizearen norabidea eta intentsitatea), olatuen energia aprobetxatzeko dispositibo berrien diseinua hobetzeko balio handiko datuak lortuko dira, eraginkorragoak izan daitezen eta energia gehiago sor dezaten, eta efizientzia handiagoz eta kostu txikiagoekin.

MUTRIKUKO OLATUEN ZENTRALA

Mutrikuko olatu energiaren plantak hamar urte bete ditu etengabe energia sortuz. Ezaugarri horietako munduko merkataritza-plantarik zaharrena da, eta funtzionamendu-ordu gehien dituena. Portua babesten duen dikean kokatuta dauden 16 turbinek olatuen mugimenduaz baliatuz sortzen den energia elektriko guztia kontsumorako banaketa-sare orokorrera bideratzen da. Gaur egun instalazioa BiMEPena da (Biscay Marine Energy Platform). Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentro honek kudeatzen ditu elektrizitatea sortzeko dispositibo flotagarriak ikertzeko Armintzako itsas zabaleko instalazioak ere.

Planta hau 2011n inauguratu zen, eta ordutik garapen-etapa ezberdinak izan ditu eta itsasoko energia-instalazio batek orain arte inoiz lortu ez dituen ekoizpen-errekorrak hautsi ditu. Gaur egun 300.000 kWh sortzen ditu, urtebetean 100 etxebizitzak kontsumitzen duten energia elektrikoaren baliokidea. 2020an plantak 2.000.000 kWh-eko ekoizpen elektriko metatua lortu zuen, eta beste teknologia batzuekin alderatuta kopuru apala bada ere, olatuen energiaren ikuspegitik mugarri bat da. Gainera, Mutriku garrantzi handiko kate-maila era bada OWC teknologiaren (Oscillating Water Column) ikerketa-katean, eta horren hobekuntza metodologikoak turbina berrietan aplikatu ahal izango dira gero itsas zabalean erabili ahal izateko, olatuek energia-ahalmen handiagoa baitute itsas zabalean.

Bisita gidatuak

Instalazioaren hamargarren urteurrena dela eta, bisita gidatuak antolatu dira planta barrutik ezagutzeko eta turbina gela ikusteko, eta aukera aparta da; izan ere, ohiko bisitak kristaldun kabina baten bidez bakarrik egin ohi dira, plantara fisikoki sartu gabe.

Plantako ateak zabalik egongo dira uztailaren 30etik, ostiraletik, abuztuaren 1era, igandera bitartean, eta orduero sei pertsonako taldeak sartu ahal izango dira (11etik 14etara eta 16etatik 19etara). Bisitak dohainik izango dira, eta www.mutriku.eus. web-orriaren bidez egin daiteke erreserba.

EUSKALMETEN WEBGUNEA

Estazio ozeano-meteorologiko berriak hornitutako informazio guztia grafiko-formatuan egongo da eskuragarri Euskalmeten web-atari berrian, bai eta denbora errealeko datuak ere.

 

HURRENGO PROIEKTUA

Gainera, laster, Eusko Jaurlaritzak, proiektua osatzeko, buia bat instalatuko du portuko sarrerako kanaleko olatuak neurtzeko. Euskadin egindakoa den buia 20 metroko sakoneran jarriko da, eta irrati bidez konektatuko da estazio meteorologikoarekin. Gainera, azaleko uretako (sakonera txikiko) olatuak neurtuko dituen buia da, eta Donostian 600 metroko sakoneran instalatuta dagoen eta ur sakonetakoa den buiaren neurketak osatuko ditu, beraz.

Estazio honen inguruan instalatuko den buiaren beste ezaugarrietako bat da denbora errealean emango duela olatu bakoitzari buruzko informazioa (indibidualizatua), olatuei buruzko ohiko datu estatistikoak emateaz gainera.