Fermin Echeverriaren argazki artxiboa Zarauzko Udalari utzi diote

0

Fermin Echeverria argazkilari zarauztarraren artxiboa Zarauzko Udalari utzi dio bere familiak. Ana Argaratek, Fermin Etxeberriaren alargunak, eta Xabier Txurruka alkateak gaur arratsaldean sinatu dute lagapen hitzarmena argazkilari zarauztarraren artxiboa Udalari dohaintzan emateko.

Fermin Echeverria Argazkizale Elkarteko bazkide egin eta gutxira sartu zen zuzendaritzan kide modura eta 1987. urtean erakusketen ardura eman zioten.  1996an elkarteko lehendakari izendatu zuten, eta kargu honetan egon zen 2013 urtera arte. Bere agintaldiaren hasierako urteak egitura sendotzeko izan baziren ere, hurrengoetan Argazkilari Elkartearen jarduna ezagutzera eman zuen nonahi Nazioarteko Argazki Mostraren bitartez. Echeverria 2019an hil zen 60 urte zituela.

Bere argazki artxiboan 1984 eta 2010 urteen bitartean egindako 10.000 diapositiba eta negatibo inguru aurki daitezke eta argazki hauen gaien artean paisaiak, erretratuak, Zarauzko jaiak eta kirolak nabarmentzen dira.

“Bihotzez eskertu nahi diet Ana Argarate eta Iñigo Echeverriari Udalari egindako ekarpena. Kalitate handiko argazkiak dira hauek eta, besteak beste, zarauztarrentzako balio handia daukaten ekitaldi eta paisaietako argazkiak biltzen ditu artxiboak” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.