Eusko Jaurlaritzak 2021erako ITSASORATU programako laguntzen deialdia egin du arrantza enpresentzat, ikasleek arrantza ontzietan prestakuntza egonaldiak egin ahal ditzaten, flotaren plantilla gaztetzea bultzatzeko eta, ondorioz, belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzeko. Aurten 105.000 euroz zuzkituko dira laguntzak.
2016an abian jarri zenetik, 82 gaztek eta 70 itsasontzik parte hartu dute, eta aurten ekimenarekin 10-15 ikasle gehiagok bat egitea espero da.
Urtero deitzen dira ITSASORATU programaren laguntzak – 2020an izan ezik, Pandemia dela-eta– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu baten bidez, eta arrantza enpresentzat dira, ikasleek itsasontzietan prestakuntza izan dezaten. Horrela gauzatzen da Eusko Jaurlaritzak 2015-2020 aldirako landu duen Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoaren oinarrietako bat, non arrantza sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea baitira helburu estrategikoak.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin lotura duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokia edukitzea.
Hala, ITSASORATU programa arrantza enpresei zuzenduta dago, itsas-arrantza alorreko prestakuntza zikloak egiten ari diren ikasleei beren arrantza ontzietan prestakuntza egonaldiak egitea ahalbidetu diezaieten, ikasleak itsasontziaren barruan dauden bitartean sortzen zaizkien gastuak diruz lagunduta.
Itsas arrantzako prestakuntza zikloetako lehen kurtsoko ikasleek arrantza ontzi batean egindako prestakuntza egonaldia diruz lagundu daiteke marea baten pareko aldi batean, hau da, 20 edo 30 egun bitartean.
Egonaldia Euskadin egoitza portua duten itsasontzietan egingo da. Enpresa onuradun bakoitzak ikasle bakarra hartu ahal izango du prestakuntza egonaldi bakarrean. Praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin behar da, bai eta azken balorazio txostena ere.
Pasaiako Itsas-arrantzako Prestakuntza Zentroan –Blas de Lezo–, Bermeoko Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetako 1. Kurtsoko ikasleak izan behar dira, eta kurtso horretako ikasgai guztiak gaindituta eduki behar dituzte.