Tokiko Gobernu Batzordeak Anoetako estadioan gazteleku eta haurtxokoa gaitzako proiektua gauzatzeko kontratua Jaizubia Obras y Servicios, SL enpresari esleitzea erabaki du. Obrak egiteko epea 8 hilabetekoa da eta proiektuak 556.036 euroko aurrekontua du.
Proiektuaren arabera, Haurtxokoa 5-11 urte bitarteko haurrentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu irekia izan arren, hainbat gune desberdinak antolatu dira:
- jolasgunea (ping pong eta futbolina),
- jokoetarako etxetxoa,
- antzeztoki txikia,
- lurrean jolasteko gunea (puffak, koltxonetak…)
- eta tailerrentzako eta mahai-jokoetarako gunea.
Gainera, hormetan entxufeak jarriko dira telebistak, musika aparatuak, ordenagailuak eta abar erabiltzeko. Honetaz gain, Haurtxokoak bere komunak izango ditu, haurren beharretara egokituak (konketa baxuagoak, pixatoki baxuagoak…).
Gaztelekua, bestalde, 12-17 urte bitarteko nerabeentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu ireki honetan hiru eremu bereizi dira:
- ordenagailuen eremua (lau postu finko eta ordenagailuak konektatzeko entxufeak, telebista, bideo-kontsolak, puffak eta abar),
- jolasgunea (ping pong eta futbolina)
- eta tailer-eremua harraska batekin.
Gaztelekuak, gainera, biltegi txiki bat izango du barruan.