Gobernu Kontseiluak zuzeneko zazpi diru-laguntza onartu ditu gaur, 1.460.879 euro guztira, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saileko eLankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu.
Ekimen horiek onartuta, apustu estrategikoetako batzuetan lagundu nahi da –Afrikako lana sustatzea, emakumeak ahalduntzea eta giza eskubideen defendatzaileak babestea–, bai eta Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren (2018-2021) ikuspegietan ere –herritartasun kritikoa, koherentzia eta koordinazioa–.
Diru-laguntzak honako erakunde hauei onartu zaizkie, jarraian adierazten diren helburuekin:
Synergie des femmes pour les victimes de violences sexuelles – 320.000 euro
Ekimenak emakumeek bakean eta segurtasunean parte hartzearekin lotutako ebazpenen jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak indartzearen alde egiten du – Nazio Batuen 1325 Ebazpena –, landa-eremuko gizonak emakumeekin aliantzan inplikatuz, Aintzira Handietako lau herrialdeetan (Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda eta Uganda) beren eskubideak sustatzeko eta errespetatzeko.
Fundación UNICEF Comité Español – 300.000 euro
Laguntza horren bidez, Interneterako konexioa hobetu nahi da Malawiko lehen hezkuntzako bi eskoletan, eskola-adinean dauden adingabeen arteko eten digitala murrizteko eta Dowa barrutiko Dzalekako errefuxiatuen esparruan eta inguruan errefuxiatu diren haurren inklusioa eta parte-hartzea sustatzeko.
BC3 – Basque Centre for Climate Change eta Fundación Instituto de Hidráulica Ambiental de Cantabria – 200.000 euro
Proiektuaren helburua informazioa sortzea eta partaidetza- eta ikaskuntza-prozesu inklusiboak garatzea da, Senegaleko Dakarren eta Saint Louisen klima-arriskuaren erresilientzia eta gobernantza hobetzeko, besteak beste, ezagutza-komunitate bat sortuz, arriskuaren gobernantza eta erresilientzia hobetuz eta eragileen gaitasunak indartuz.
Mujeres por África – 150.000 euro
Diru-laguntza honen bidez, Emakumeak, Bakea eta Segurtasuna Agenda Sudanen ezar dadin bultzatu nahi da, emakumeek herrialdea egonkortzeko prozesuan parte har dezaten sustatuz, haien gaitasunak indartuz eta gizarte-sektore desberdinetako emakumeen arteko elkarrizketak eta negoziazioak sustatuz: Gobernuan dauden emakumeak, gizarte zibileko emakume liderrak eta ekintzaile gazteak, eskualde-, nazio- eta nazioarte-mailan.
Brigadas Internacionales de Paz – 150.000 euro
Ekimenaren helburua Mexiko, Guatemala, Honduras, Kolonbia eta Kenyako giza eskubideen defendatzaileei bizitza- eta lan-espazio seguruagoak bermatzen laguntzea da, nazioarteko komunitatean eragin politikoa izanik.
Euskal Fondoa – Asociación de Entidades Locales Vascas Cooperantes – 150.000 euro
Diru-laguntza hau Erdialdeko Amerikaren eta Euskadiren arteko lankidetzarako programaren bigarren edizioa (2021-2024) finantzatzeko erabiliko da. Programa horren lehen edizioa 2018. urtearen erdialdetik 2021. urtearen erdialdera egin da. Euskadiko lankidetza-eragileek eta Euskadiko, El Salvadorko eta Costa Ricako ur-eragileek bat egiten dute, eta, besteak beste, lankidetza teknikoko eta ezagutza-mugikortasuneko osagai garrantzitsua du Erdialdeko Amerikaren eta Euskadiren artean.
UNESCO Etxea – Centro UNESCO País Vasco – 190.879 euro
Diru-laguntza horren bidez, Factoría 4.7 – Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Iberoamerikako Plataforma ekimena bultzatzen da. Ekimen horren helburua da, Iberoamerikako eremuan, herritarrek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten bermatzea. Euskadin, zehazki, euskal hezkuntza-eragileek gazteen artean (14-18 urte) Agenda 2030erako Hezkuntza bultzatzeko duten gaitasuna sendotzearen aldeko apustua egiten da.