Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute

0

Gobernu Kontseiluak onartu du Segurtasun Sailaren eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearen artean lankidetza-hitzarmen bat izenpetzea larrialdien eta babes zibilaren arloan. Hitzarmen honen bidez 2007an izenpetutakoa eguneratuko da, eta talde honen eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren arteko koordinazioa sakonduko da, ezbeharrekin eta hondamen publikoekin zerikusia duten ekintzetan taldearen boluntario izaerari balioa emanda.

Aipatu behar da Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea IRO – International Rescue Dog Organization erakundeko eskubide osoko kidea dela. Erakundea 1993an sortu zen Stockholmen, Suedian, nazioartean laguntza txakurrekin egiten den lana sustatzeko helburuarekin.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburua da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larrietan, hondamendi eta lazeria publikoko egoeretan, eta zerbitzu eta operatibo ezberdinak koordinatzea edo horiek esku hartzea eskatzen duten beste hainbat larrialdi-egoeretan.

Alde horretatik, Segurtasun Sailak koordinatuta bideratzen ditu zerbitzu ezberdinak, larrialdi-egoerei erantzunik egokiena eman ahal izateko, babes zibileko planak eta taktika operatiboak garatuz.

Hitzarmenak, beste hainbat alderdiren artean, lurraldeko jarduera-eremua, babes zibilaren arloan boluntarioei izendatutako zereginak, mobilizazio-sistema, baliabideen eta bitartekoen erabilgarritasuna eta boluntarioen prestakuntza arautzen ditu.