Gobernu Kontseiluak hiru lege proiektu onartu ditu: Memoria Historikoarena, Ekarpenena eta Kirolarena

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

EUSKADIKO MEMORIA HISTORIKO ETA DEMOKRATIKOAREN LEGE-PROIEKTUA

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gobernu Kontseiluak gaur onatu duen, “Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege-Proiektua” aurkeztu du. Lege honek, Euskadiren kasuan, ez du esan nahi arlo honetako jarduera publiko eta instituzionala hasi denik, Artolazabal sailburuaren hitzetan «hamarkadetako ibilbide honek Euskadi erreferentzia gisa jarri du memoria historiko eta demokratikoan. Ibilbide horri Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen lege-aurreproiektuak arau-esparrua indartu eta eman nahi dio«.

Etorkizuneko legeak bi helburu ditu: batetik, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen memoria, aitortza eta erreparazioa sustatzea; eta, bestetik, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzea.

Beatriz Artolazabal sailburuak azpimarratu duenez, gaur onartutako aurreproiektuak «iraganari begiratzen dio, baina, batez ere, Euskadiren etorkizunari. Etorkizuna oroimenez, egia baita justiziarako bermerik onena. Eta oroimena, egia, justizia eta ez errepikatzea guztion ondare demokratikoa dira”.

EKARPEN LEGEAREN PROIEKTUA

Gaurko bileran hartutako beste akordioetako bat izan da “Ekarpenen Legearen proiektua onarpena, Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko eta, horrela, Legebiltzarrean tramitatzen hasteko. Lege-proposamenak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak uztailaren 15eko ezohiko batzarrean lortutako akordioa jasotzen du, hiru Foru-Aldundien, EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen eta Jaurlaritzaren arteko adostasuna, hain zuzen; eta 2022 eta 2026 bitarteko diru ekarpenen metodologia eta diruen banaketa aurrekontuetara nola bideratuko den zehazten du

Zupiria bozeramaileak adierazi duenez, helburua da, beharrezko izapide parlamentario guztiak bete ondoren, Ekarpenen Lege berria urriaren hasierarako indarrean egotea eta, horrela, erakunde-maila guztietan 2022ko aurrekontuak metodologia berria aplikatuz egitea.

JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN LEGE-PROIEKTUA

Bestetik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gobernu Kontseiluak onartu berri duen “Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege-proiektua” aurkeztu du. Zupiria sailburuak zaladu duenez, arau berriak jarduera fisikoaren eta kirol-sektorearen oraingo premiei erantzun nahi die; horrela, testuak kirol inklusiboago bat bultzatzeko premia jasotzen du, non herritar guztiek, 0 urtetik hasita, lekua izan dezaten eta ohitura hauek transmititu daitezen: errespetua, tolerantzia eta joko garbia.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen  berri eman du, eta azpimarratu du 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 242 puntu  igo dela astebetean. «Joerak goranzko izaten jarraitzen du, eta datozen egunetan horrela mantenduko dela aurreikusten da, nahiz eta egia den azken egunotan kutsatze-kurbak abiadura moteldu duen. Oraindik ere asko dira egunero diagnostikatutako positiboak «, azaldu du.

Gainera, arlo asistentzialean goranzko joera hori nabaritzen ari dela adierazi du. Sailburuaren arabera, ospitaleratze kopuruak gora egiten jarraituko du. «Ospitaleratutakoen profila gazteagoa eta ez hain larria dela egia izanik, datuek berez hitz egiten dute: atzo ospitaleratutakoen herena 40 urtetik beherakoa da«, zehaztu du. ZIUei dagokienez, aurreikuspenen arabera, harreta behar duten paziente kopuruak gora jarraituko du, baina aurreko igoerak baino erritmo txikiagoan. «Ideia bat egiteko, une honetan, unitate horietan dauden pertsonen % 20 40 urtetik beherakoak dira«, gaineratu du. Hori dela eta, beste behin ere prebentzio-neurriak mantentzea, pilaketak saihestea, eskuak garbitzea, espazio itxiak aireztatzea, pertsonen arteko distantzia eta maskara etengabe erabiltzea eskatu du. «Jakin badakit kosta egiten dela. Hilabete asko dira. Hori egin behar dugu egoera hobe baterantz aurrera egiten jarraitzeko «, adierazi du.

Osasun sailburuak txertaketa prozesua ere izan du hizpide. Xede-populazioaren (12 urtetik gorakoa) % 73k dosi bat du gutxienez, eta % 67k jarraibide osoa bete du. Gotzone Sagarduik gogorarazi duenez, 12 urtetik gorako edonork har dezake txertoa. «Ez dugu itxaron behar Osakidetza gurekin harremanetan jarri arte. Osakidetzak gure agendetan eskuragarri dauden txertoen hitzordu guztiak herritarren eskura jartzen jarraituko du «, adierazi du.

Azken asteotan, batez ere adingabeen txertaketarekin lotuta, agertu diren txertaketaren aurkako mugimenduen aurrean, Osasun sailburuak dei egin die adin horretako gazteen gurasoei hitzordua eskatzeko. “Garrantzitsua da gure seme-alabek txertoa hartzea, zenbat lehenago. Osasun publikoaren, segurtasunaren eta elkartasunaren kontua da», azpimarratu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena