«Bihotzez Erregistroa» sortzeko eta bere funtzionamendua arautzeko Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak, Osasuneko sailburuak eskatuta, argi berdea eman dio Miokardioko Infartu akutuaren EAEko Erregistroaren —Bihotzez Erregistroa— Funtzionamendua arautzen duen Dekretuari.

Erregistro berri horren lehentasunezko helburua da miokardioko infartu akutuaren asistentzia-plangintza egiteko tresna izatea, eta, aldi berean, gertaera koronario akutuei buruzko informazio epidemiologikoa ematea, esparru horretan azterketak eta ikerketak egiteko oinarri gisa balio izateko, baita miokardioko infartu akutuaren arreta-eredua hobetzeko prozesura bideratutako aldizkako ebaluazioa eta kontratazio sanitarioa egiteko ere.

Gaixotasun kardiobaskularrak dira Euskadiko bigarren heriotza-kausa, eta, horien barruan, Miokardioko Infartu Akutua (MIA) —arteria koronarioetako baten oklusio akutuak eragindakoa— da nagusienetako eta premiazkoenetako bat. Arteria itxita dagoen denboraren eta infartu-mota horrek eragindako morbimortalitatearen artean lotura zuzena dagoenez, arteria okluitua ahalik eta denbora laburrenean ireki edo birperfunditu behar da. Euskadiko «Bihotzez» sarea lanean ari da denbora-tarte horiek murrizteko, eta Gobernu Kontseiluak onartutako dekretuak lan horretan lagunduko du.

Informazio-sistema horren garrantzi epidemiologikoa, eta horrek plangintza eta ebaluazio sanitarioaren ikuspegitik duen garrantzia kontuan hartuta, gomendagarria da Osasun Sailaren erregistro ofizialetan jasotzea, eta, era berean, biztanleriaren ikuspegia kontuan hartzea, titulartasun pribatuko osasun-zentroek egiten duten jarduera barne hartuta.

Beraz, osasun-sistemarekin eta honen laguntza-informazioko sistemarekin harremanetan jartzen diren pazienteen datuetan oinarritutako erregistroa litzateke. Nolanahi ere, informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatuko da, eta aurreikusitako helburuarekin soilik erabiliko dela bermatuko da, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

BIHOTZEZ SAREA

Euskadin 2012tik dago ezarrita sarea, eta Euskal Osasun Zerbitzuko partaide guztien ahaleginak koordinatzen ditu: Larrialdi Zerbitzuak, anbulantzien 11 base medikalizatuekin eta helikoptero batekin, lehen mailako arretako profesionalak eta 17 ospitaletako profesionalak. Baterako laguntza-protokoloei eta -ibilbideei esker, gai dira infartua (arteria koronarioa oztopatzea) jasan duten pazienteei behar duten tratamendua emateko, ahalik eta eperik laburrenean.  Izan ere, kasu horietan minutu bakoitza garrantzitsua da; arteria ahalik eta denbora laburrenean irekitzea erabakigarria da pazienteen biziraupen- eta errekuperazio-aukerak areagotzeko.