Jaurlaritzak Euskal Etxeentzako laguntza-deialdia onartu du

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen 2021eko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu. Orotara, 902.305 euro bideratuko ditu laguntza horietara.

Laguntzaren zatirik handiena –782.305 euro– IV. Kapitulura (ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak) joango da, Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratzeko; nagusiki, gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.

Gainerakoa –120.000 euro, VII. Kapituluan,  azpiegitura eta ekipamendu gastuetako kapituluan–, zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Gaur onartu den deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 195 euskal etxeek. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.

Halaber, Gobernu Kontseiluak “Limako Arantzazu Euzko Etxea-Lima Basque Center” euskal etxe berria onartzea onartu du.