Bizkaiko Aldundiak 34.000 eurorekin lagundu du Harresiak Apurtuz immigrazioaren arloko GKEen koordinatzailearen lana

0

Bizkaiko Foru Aldundiak, 34.000 euroko dirulaguntza zuzenarekin babesten du Harresiak Apurtuz – Euskadiko Etorkinei Laguntza Emateko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzailearen lana. Koordinatzaile horrek 63 erakunde bazkide ditu eta horietatik 48 Bizkaian kokatuta daude. Laguntza horren helburua Koordinatzaileak aniztasuna kudeatzeko bere jarduera erraztea da.

Hitzarmen hau Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak aurten onartutako Aniztasunaren eta Inklusioaren Aldeko I. Planaren barruan sartzen da. Sail horretako arduradunak, Teresa Laespada diputatuak, Bizkaiko errealitate berriak «aniztasun hori aberastasun gisa kudeatu eta integratu ahal izateko ikuspegi politiko berriak» eskatzen dituela azaldu du, «Bizkaia anitza nahi dugulako».

Bere ustez, inbertsio honen abiaburua «kultura eta jatorri desberdinetako talde eta pertsonen arteko elkarrizketa eta topaketak Bizkaiko gizarte osoaren aberastea dakarrelako uste sendoa» da.

Harresiak Apurtuzek sare-lana egiten du erakunde bazkideekin, informazioa, salaketak eta aldarrikapenak zabalduz, eta inbertsio hau elkarte-sarea indartzera, eraldaketa eta eragin politikorako eragin soziala egitera eta lurraldetasuna lantzera bideratuko du.

Dirulaguntza hau barnean hartzen duen Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren eta Harresiak Apurtuz Koordinatzailearen arteko hitzarmenean adierazten denez lehentasunezko lau ardatz horiek honela definitzen dira:

  • Elkarte-ehuna indartzea: Koordinatzaileko  kideak diren gizarte-erakundeak eta migrazioen esparruko elkarte-ehuna osatzen duten gainerako erakundeak indartzea, bai eta bilbearen  beraren beste ekimen eta espazio batzuk sustatzea ere.
  • Eraldaketarako eragin soziala: eraldaketa soziala sustatzea, pentsamendu kritikoa sortuz eta pertsona migratzaileen eskubideak urratzen dituzten eta, ondorioz, kohesio sozialaren eta bakean bizitzearen aurka egiten duten egoera guztiak ikusaraziz.
  • Eragin politikoa: Euskadin sortzen dituzten eta batzuetan bizikidetza normalizatuaren eta berdintasunekoaren aurkako desberdintasun-etena sortuz gizartean eragina duten politiketan eragitea.
  • Lurraldetasuna: lurraldetasuna Koordinatzailearen ardatz eragileetako moduan lantzea, hiru Lurraldeetan elkarrekin bizi diren errealitateak entzun, aztertu eta horiei erantzuna emanez, elkarte-ehunaren beraren aniztasun geografikoa eta osaera kontuan hartuta.