33.Udako Musikaldia Zarautzen

0

Urtero bezala, abuztuko igande arratsaldeetan Santa Maria La Real Parrokiak Zarauzko Udako Musikaldiko kontzertuak hartuko ditu. Aurten, ekitaldi honen 33.edizioa izango da eta Zarauzko Udalak musika klasiko zein garaikideko lau kontzertu programatu ditu.

Zarauzko alkateak, Xabier Txurrukak (EAJ-PNV) gogoratu du “ziklo hau duela 33 urte sortu zenean, helburua udatiarrei aisialdirako eskaintza ahal bezain zabalena ematea” zela baina, gaur egun, “bertakoei zein bisitariei kalitatezko kultur eskaintza zabaltzea” da Udako Musikaldiaren helburua: “Jatorrizko eskaintzatik alderatua, berrikuntza handia ekarri du programak. Izan ere, egungo kultur interesak areagotu egin dira, kultur-produkzioa hazi eta ondorioz, musika eskaintza ere zabalagoa da. Publiko aditua eta hezia du Zarautzek musika alorrean eta, Udako Musikaldian programatutako kontzertuekin, zarauztar eta bisitariei musika klasiko eta garaikideaz gozatzeko aukera ematen diegu”.

Kontzertuak Santa Maria la Real Parrokian izango dira, abuztuko igande arratsaldeetan, 20:00etan. Sarrerak doakoak izango dira, edukiera bete arte, eta hauek eskuratzeko Modelo aretoko txarteldegira jo beharko da, emanaldiko egunean bertan, 18:00etatik aurrera.

Agurtzane Aizpuruk, Kulturako teknikari arduradunak, programatutako artistei buruzko informazioa zabaldu du: “Kontzertu zikloa euskal artista garaikideen proposamen musikal batekin hasiko dugu, abuztuaren 1ean. Euskal Barrokensemble Enrike Solinis antzinako musikan adituak zuzendutako taldea dugu, eta antzinako sokazko, airezko instrumentuekin jo eta garai horretako errepertorioa interpretatzen dute. Abuztuaren 8an, Dúo Cassadó izango dugu. Donostiako Musika Hamabostaldiarekin hartu-emana zuzena da, eta Hamabostaldiak eskaintzen dituen kalitatezko bermeen bidez urtero handik etorritako proposamenak hartzen dira, aurten, konkretuki, Dúo Cassadó. Kontzertuaren lehen zatia Astor Piazzolari eskainiko diote, bere jaiotzaren 100 urteurrenean keinu bat eginez. Hirugarren kontzerturako, abuztuaren 22an, ondarea berreskuratzeko helburuz Zarautzekin lotura berezia duen Valentin Larrea musikari eta konposatzailearen sokarako errepertorioa ekarri nahi izan dugu.  2019an bere pianorako errepertorioaz osatutako kontzertua egin zen Modelon, eta oraingoan bere sokarako errepertorioa berreskuratu da, Oiasso Kamerata eta Itxaso Aristizabal piano jolearekin. Musikaldia bukatzeko, abuztuaren 29an, Arineketan Jagoba Astiazaran txistulariak, eta Iñar Sastre piano joleak osatutako bikote euskalduna dugu. Tradiziotik jasotako doinuak eta erritmoak gaur egunera ekarri dituzte eta musika zein dantzarekin jolas egingo dute”.