35etik gora euskal sortzailek parte hartuko dute Estatuan, Frantzian eta Portugalen egingo diren 9 jaialditan

0

BASQUE. PERFORMING ARTS. markapean, 35etik gora euskal sortzailek eta hamabost konpainiak parte hartuko dute abuztuan eta irailean Estatuan, Frantzian eta Portugalen egingo diren arte eszenikoen 9 jaialditan, hala nola, Libourneko Fest´Arts eta Avignoneko Opera Teatroa (Frantzia), Anfitrión Arte Eszenikoen jaialdia (Andaluzia), Torres Vedras (Portugal), Tàrregako Fira de Teatre al Carrer (Katalunia), Escena Patrimonio (Salamanca, Cuenca eta Segovia) eta Expoesian (Soria), tartean hainbat estreinaldi izango direla. Hala eman dute aditzera gaur goizean Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek, udako euskal leihoen berri emateko prentsaurrekoan, Bilboko Azkuna Zentroan.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azpimarratu duenez, pandemiaren bilakaerak “eragin zuzena izan du gure sortzaileen mugikortasunean”. Horri erantzuteko, alde batetik, sortzaileekin lankidetzan “mugikortasuna sustatzeko diru-laguntza deialdia eraldatu” ditu aurten Institutuak. Bestetik, “arte eszenikoetako nazioarteko jaialdiek gertuko proposamenak lehenetsiko zituztela ikusita, garbi ikusi genuen geografikoki gertuen dauden jaialdiak eta hitzorduak modu proaktiboan landu behar genituela, euskal kulturaren presentzia gure mugetatik haratago eramaten jarraitzeko eta Etxepareren misioari eusteko”.

Halaber, Larrazak adierazi du udako leiho hauek guztiek “oso ongi islatzen” dutela euskal sortzaileen “gaitasuna proiektu bikainak sortzeko eta gauzatzeko”; baita euskal kulturak “gure mugetatik kanpo duen tiradizoa ere”. Eta azpimarratu du lanean jarraituko dutela “nazioarte mailan aurten atzeratu diren kultur programak berreskuratzeko eta proposamen berriak garatzeko”.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Etxepare Euskal Institutuaren zereginen artean dago gure kulturaren berri kanpoan ematea eta gure sortzaileei eta ekoizleei euskal kultura zer den kanpoan erakusteko laguntza ematea. Eta zeregin hori ez da erraza izan bizi dugun egoera honetan.  Baina badabil bai Etxepare Euskal Institutua helburu hori betetzen eta aurkitu ditu bideak. Eta zabaldu dira leiho berriak ere. Gure artista eta sortzaileek ere jakin dute egoera berri eta berezi honetara moldatzen eta aurkitu dituzte beraiek ere leiho berriak. Lanerako aukera berriak dira, gure kultura gure mugetatik kanpo ezagutzera emateko pauso berriak dira. Eta eskerrak eman nahi dizkiet bai Etxepare Institutuari eta baita gure sortzaileei ere aukera berri horiek hartu eta bidea egiten jarraitzeagatik”.

Gaurko aurkezpenean udako euskal leiho hauetan parte hartuko duten sortzaileetako batzuk ere izan dira, hala nola, hiru jaialditan izango den Jon Maya (Kukai Dantza), bi jaialditan jardungo duen Judith Argomaniz (Lasala Dantza), Garbitxu (Deabru Beltzak) eta Ana Meabe (Marie de Jongh).

Euskal Herria, protagonista Expoesian

Euskal kultura kanpoan sustatzeko leiho garrantzitsuena Soriakoa izango da. Izan ere, abuztuaren 1etik 8ra egingo den Expoesia 2021 Liburu Azokako aurtengo gonbidatua Euskal Herria izango da, euskal hizkuntza, poesia eta literatura protagonista bilakatuz. Iaz Portugali egokitu zitzaion lanari emango diote segida.

Hala, ‘Cercanías’ atalean euskaraz zein gaztelaniaz idazten duten zenbait euskal idazle jendaurrean mintzatuko dira: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Aitor Francos, Karmelo C. Iribarren eta Peru Magdalena, kasu. Baita Pello Salaburu edo Jon Kortazar akademikoak ere.

Ikuskizunen arloan, Gaztela-Leongo hirian izango dira, baita ere, Kukai Dantza (abuztuaren 1ean), Amaia Zubiria (abuztuaren 2an), Ruper Ordorika (abuztuaren 5ean) eta proiektatuko dira, esaterako ‘Obaba’ (Montxo Armendariz, 2015), ‘Dantza’ (Telmo Esnal, 2018) filmak eta monografiko bat eskainiko zaio Oskar Alegria iruindarraren obrari, bere bi film eskainita: ´Emak Bakia baita´ (2012 ) eta `Zumiriki´ (2019). Bertsolaritza eta bertsolariak ere partaide izango dira Sorian (Uxue Alberdi eta Miren Amuriza, Danele Sarriugarte interprete dutela); eta jaialdian zehar arituko diren joaldun eta Txamalako txalapartariez gain, Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren ‘Arte eta parte’ erakusketa bisitatu ahal izango dute gerturatzen direnek, azken hau abuztuaren 28ra arte. Bestalde, Expoesiaren baitango Liburu Azokara bilduko diren hogei argitaletxeetatik lau izango dira Euskal Herrikoak: Pamiela, Elkar, Astiberri eta Txalaparta.

Hiru euskal konpainia, Libournen

Abuztuaren 3tik 7ra kaleko arteen Fest´Arts  jaialdia egingo da Libournen (Frantzia), eta Amaia ElizaranLasala eta Deabru Beltzak konpainia euskaldunak izango dira bertan. Guztien emanaldiak abuztuaren 6an izango dira.

Jaialdiaren 30. urteurrena da aurtengoa. 2012. urteaz gerotik, Etxepare Euskal Institutua Fest’Arts jaialdiarekin elkarlanean ari da `Euskadi à Libourne´ programaren bitartez, Hego Euskal Herriko konpainia berri zein kontsolidatuek bertan ikuskizunak eskaini ditzaten.

Libournen, Judith Argomanizek zuzenduta, Lasala konpainia donostiarrak hiru ikuskizun aurkeztuko ditu: ‘Female’, ‘IU’ eta ‘Fight’, gure egungo munduaren kezkak bizi-bizi islatzen dituztenak. Deabru Beltzak taldeak, berriz, antzerki eta musika ikuskizuna eskainiko du jaialdian. Talde bizkaitarraren hain ezaugarri esanguratsua den sua ez da faltako egun honetan. ‘Les tambours de feu’ izeneko lanaren bidez, ikusleekiko harremana bilatzen du taldeak. Amaia Elizaran tolosarrak, berriz, `Out´ eskainiko du: normaltasun berrian ditugun erabateko askatasun momentu horietan oinarritzen den pieza, antsietatearekin apurtu eta askatasun sentipenari eta arnasa hartzeari erreferentzia egiten diona.

Kukaien ‘Oiasso’, Cadizen

Andaluziako Juntaren Anfitrión Arte Eszenikoen Jaialdian, abuztuaren 4an eta 5ean, Kukai Dantza taldeak ‘Oiasso’ ikuskizuna taularatuko du Baelo Claudia antzoki erromatar paregabean. Lan honen bidez, Cesc Gelbert, Marcos Morau, Sharon Fridman, Jon Maya… koreografo ospetsuen koreografietan barrena joango dira ikusleak, Oreka Tx-en txalaparta magikoan eta euskal eta andaluziar jatorriko dantzaren arteko topaketa berezian. Bestalde, irailean Tanttaka Teatroak `Ameriketako bidaia´ antzezlana taularatuko du Malagako Fuengirolako Sohail gazteluan.

Lasala eta Maite Guevara, Fira Tàrregan

Kataluniako Fira de Teatre al Carrer de Tarregan, irailaren 9tik 12ra, bi euskal konpainia hauek izango dira BASQUE PERFORMING ARTS.-ek antolatutako  leihoan: Maite Guevara konpainiaren ‘Qué buen día’ eta Lasala konpainiaren `FIGHT´ lana. Zehazki, irailaren 10ean eta 11n ikusi ahalko dira biak ala biak. Guevararena, publiko guztientzako clown ikuskizuna da, garai hauetarako oso beharrezkoa den mezua duena, bizitzaren aurrean dugun jarrerari buruz gogoeta egitera animatu nahi duelarik ikuslea. Lasalaren ‘FIGHT’ piezari dagokionez, dantzaren bitartez gizakiak borrokarekin duen jatorrizko harremanari heltzen dio.

Hiru euskal konpainia Portugalen

Portugaleko Torres Vedras jaialdian hiru euskal konpainia programatu dituzte. Joan den maiatzean, Anita Maravillas konpainiak, `Jon Braun´ taularatu eta gero, udan zehar (datak ixteke daude oraindik) Eva Guerrero konpainiak `Gorpuztu´ dantza garaikideko pieza eskainiko du -orekaren bilaketaren inguruko gogoeta, zuzeneko musika eta guzti-, eta Berdinki Zirkusek `Mikra´ zirku garaikide pieza eszenaratuko du. Genero- eta rol-estereotipoetatik abiatuta, lan honek diziplina zirku akrobatikoak erabiltzen ditu hizkuntza gisa, guztiok bizi ditugun gaien zertzeladekin -ahaidetasuna edo nortasuna, adibidez-, botere-harremanak ikusarazteko.

Euskal begirada Salamanca, Cuenca eta Segovian

Irailaren 11tik 18ra egingo den Escena Patrimonio Jaialdian, Gizateriaren Ondare diren Espainiako HirienTaldearekin lankidetzan, `Raíces-Erroak´ lelopean, euskal begirada irudikatuko dute hiru hiritan: Salamanca, Cuenca eta Segovian. Hala, hiru euskal konpainia gonbidatu dituzte irailaren 18an tokian tokiko espaziora egokitutako piezak aurkez ditzaten.

Larrua Proiektua konpainia gasteiztarrak `Ojo de buey´ propio sortutako arte garaikideko pieza eszenaratuko du Salamancan, bertako musikarien laguntzarekin. Iratxe Ansak eta Igor Bacovich-ek osatzen duten Metamorphosis Dance konpainiak, aldiz, Cuencan `REacción´ estreinatuko du, bertako Arte Abstraktuaren Museoarekin eta Torner espazioarekin lankidetzan. Eta Kukai Dantzak, egungo flamenko-dantzari berezienetako bat den Andrés Marinekin elkarlanean, `Yarin´ taularatuko du Segovian, ondare-espazio batean, hain zuzen ere.

Marie de Jongh, Avignonen

Azkenik, Marie de Jongh konpainiak Avignoneko Opera Grand Avignon Teatroan ‘Ama’ ikuskizun berriaren sorkuntza-egoitza egingo du irailean zehar. Konpania bizkaitarraren helduei zuzendutako lehen ikuskizuna izango da, eta zaintzaz hitz egiten du , zaintzak duen garrantziaz eta zaintza on bat egiteko ditugun zailtasunez. Ama hitzak `etxera´ eramaten gaitu eta elkar zaindu eta arduratzeko gonbitea ere bada. Marie de Jongh proiekzio handiena duen konpainietako bat dugu eta erreferente bihurtu da familia eta publiko osoari zuzendutako antzezlanak sortzen. 2018an Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Sari Nazionala jaso zuen, beraien ikuskizunetan «gizarterekiko duten etengabeko konpromisua eta bere ikuskizunen kalitate estetikoagatik».

Venecia eta Valladolid

Azkenik, gogorarazi beharra dago Institutuaren laguntzaz Iratxe Ansa koreografo eta dantzariak XV. Biennale di Venezian parte hartu berri duela Metamorphosis Dance bere konpainiarekin (aurtengo edizioan Estatuko artista bakarra izan da Italiako jaialdi entzutetsu honetan), `Biluzik´ (Al desnudo) ikuskizunarekin. Eta Valladolideko Nazioarteko Antzerki eta Kale Arteen Jaialdian (TAC), uztailaren 7tik 10era, lau euskal konpainiak parte hartu dute: Dantzaz, Pez Limbo, Amaia Elizaran eta Eva Guerrero, BASQUE. PERFORMING ARTS. markapean.