Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotzi Juan Antonio Pizarrok bultzatu du Barakaldoko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostikoa egitea. Azterketa hori jenderik gabeko higiezinei, herritarren etxebizitza-premiari eta hiriko bizitegi-parkeak eskaintzen dituen aukerei buruzkoa izango da, eta jenderik gabeko etxebizitzak mobilizatzeko har daitezkeen neurriak identifikatuko ditu.
Pizarrok ekimen horren berri eman du, azterlana egiteko 50.000 euroko kreditu gehigarria onartu delako gaur arratsaldean udalbatzan.
«Diagnostiko honekin, etxebizitza eskuratzeko politikak artikulatuko dituen Tokiko Plan bat eratu nahi dugu barakaldar guztientzat», adierazi du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak.
Juan Antonio Pizarrok gogorarazi du Barakaldok urteak daramatzala herritarrei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko neurriak lantzen. Ildo horretan, 2017an PSE-EEk, herriko gazteek etxebizitza eskuratzeko duten zailtasunaz jabetuta, udal-aurrekontuei egindako zuzenketa baten bidez Barakaldoko gazteen emantzipazioa sustatzeko diru-laguntzak sortu zituela nabarmendu du. Aurten, laguntza horiek aldatu egin dira udaleko talde politiko guztien adostasunarekin.
«Hala ere, oraindik ere lan handia dago egiteko barakaldar guztiek beren premietara egokitutako etxebizitza bat eskuratu ahal izan dezaten udalerrian. Eta horretarako, diagnostiko zorrotz eta espezializatua behar dugu «, adierazi du Pizarrok.
Analisiak zehaztuko du zein diren jenderik gabeko etxebizitzak eta non dauden kokatuta, bai eta haien ezaugarriak ere. Gainera, etxebizitza horien jabeek zergatik dituzten hutsik aztertuko da, saldu edo alokairuan jarri beharrean, eta eskatzaileentzat zer etxebizitza egon daitekeen eskuragarri ere jasoko da, bai higiezinak libreak edo babesekoak izan, bai erregulazioren bat ezarritakoak izan.
«Zalantzarik gabe, diagnostiko hori oso baliagarria izango da erabakiak hartzeko, eta neurri berriak garatu ahal izango ditugu, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila hartzen ari diren neurrien ildotik», esan du Juan Antonio Pizarrok amaitzeko.