Etxera itzulita Donostian eskaini du bere lehenengo prentsaurrekoa Maialen Chourrautek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin batera. Agerraldian Basque Team-eko koordinatzaile Olatz Legarzak eta Xabier Etxaniz Maialen Chourrauten entrenatzaileak ere parte hartu dute.
Lasarteko palistak, eta Basque Teameko bekadunak, asteartean zilarrezko domina lortu zuen Tokioko Joko Olinpikoetako eslalon piraguismoko K1 finalean. Aurretik Londresen brontzezko domina eta Rion urrezkoa irabazitakoa da Chourraut.
Pozik eta eskertuta agertu da komunikabideen aurrean Basque Teameko piraguista eta etxekoekin lortutakoa ospatu eta gozatzeko gogoa duela azpimarratu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Lasarteko piraguistaren lana zoriondu du. Horrez gain, aurreratu duenez, Usurbilen, Oria ibaian, Orbeldi urtegiaren inguruan, ur bizien kanala egiteko proiektua mahai gainean dauka Eusko Jaurlaritzak.
Euskadiko eta Gipuzkoako piraguismoko federazioek bultzatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestuko duten proiektua da. Lanak 2022 urte hasieran hasiko dira eta 2023an amaitzea aurreikusten da. Zupiriak aurreratu duenez, kanalari Maialen Chourraut-en izena jartzea proposatuko die Jaurlaritzak gainontzeko erakundeei “Chourraut maila handiko kirolaria da, mitoa ere bada dagoeneko, eta uste dugu benetan izen aproposa dela ur bizien kanalarentzat”.