Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu dizkie ostalaritzako elkarteei laguntza-programa berriaren lerro orokorrak; 12 milioi inguru bideratuko dira gaueko aisiako ostalaritzaren sektorean pandemiak izan dituen ondorioak arintzeko. Bileran izan dira Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko ordezkari Héctor Sánchez, Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteko ordezkari Kino Martínez eta Arabako Enpresak SEAko ordezkari Aitor Otaola eta Luis Cebrián.
Sailburuak azaldu duenez, bilera hau sektorearekin izaten diren ohiko elkarraldien testuinguruan sartzen da eta, aldi honetan, gaueko aisiako sektoreari zuzendutako laguntzen agindu berria izan da gai nagusia, Saila orain amaitzen ari dena, alegia.
Sailburuak azaldu bezala, gaueko aisia murrizketa gehiago izaten ari denez, beharrezkotzat jo da laguntzen deialdi berri hau, soilik III. eta IV. taldeetan sailkatutako establezimenduei zuzendua, jendaurreko ikuskizunen eta aisiako jardueren Legearen erregelamenduaren 17/2019 Dekretuarekin bat etorriz.
“Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik jarraitu egin baitugu lanean eta erresistentzia-plana egokitzen zirkunstantzia berrietara, enpleguari eta jarduerari eusten laguntzeko. Erresistentzia Plan batekin, 120 milioi eurora artekoa; kopuru horren barruan 15 milioi aparteko Covid laguntzetan turismorako eta ostalaritzarako; 18 milioi turismoari eusteko, eta 30 milioi Euskadiko ostalaritzari laguntzeko, besteren artean. Eta laguntza horiei gehitu behar zaie orain gaueko aisiako establezimenduetarako laguntzen programa, 12 milioi euro ingurukoa”.
Laguntza horiek gaueko aisiako norbere konturako langileentzat, autonomoentzat, lokalen ustiatzaile diren enpresa mikro, txiki eta ertainentzat bideratzen dira, Covidaren hedapenari eusteko hartutako neurrien inpaktua minimizatzearren eta, ahalik eta azkarren, jardueran bultzada berri bat lortzearren.
Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, langile-kopuruaren arabera. Laguntza honen eta beste batzuen helburua enpleguari eustea da eta, horregatik, aurreko programetan bezala, eskaera aurkezten den unetik jardueran gutxienez 4 hilabete altan egotea izango da eskakizunetako bat.
Orain ari dira ixten agindu berri honen xehetasunak, Ekonomia eta Ogasun Sailarekin batera, “programa eraginkor bat bizkor aurkeztu ahal izateko. Abuztuan zehar lanean jarraituko dugu agindua amaitzeko; irailaren hasieran aurkeztu ahal izatea espero dugu, eta gaueko aisiako ostalaritzaren sektorean lan egiten duten pertsona guztiei lagundu ahal izatea” esanez amaitu du sailburuak.