Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategiak eta Europako funtsek Euskadirentzat duten garrantzia nabarmendu du Javier Hurtado sailburuak

0

Turismo Mahaia bildu da gaur eta Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategia, atzo Konferentzia Sektorialean onetsia, eta Lehentasunez Jarduteko Eremuen proiektuak azaldu ditu bertan Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado buru izan da gaur Turismo Mahaian. Bertan, Euskadiko turismo-sektorearen egoera eta martxan jarriko diren plan eta proiektu berriak aztertu dira. Mahaian izan dira Saileko kide diren Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurro eta Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cos, baita Aldundietako, euskal hiriburuetako udaletako eta Eudeleko ordezkariak, Merkataritza Ganberetakoak, unibertsitate eta turismo-eskoletakoak, alojamendu-enpresetakoak, ekitaldien antolatzaileen, bidaia-agentzien eta turismo-giden ordezkariak, turismo aktiboko enpresetakoak, ostalaritzako elkarteetakoak, kontsumitzaileen elkarteetakoak eta sindikatuetakoak ere.

Bilerari hasiera emanez, sailburuak azaldu egin du Espainiako Gobernuaren Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategia, atzo Turismoko Konferentzia Sektorialean aho batez onetsia, eta Autonomia Erkidegoetarako 2021eko Helmugako Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Planak ezartzen dituena.

Planak Next Generation funtsen bidez finantzatzen dira, 1.858 milioi euro baino gehiagorekin 3 urtetan, eta Autonomia Erkidegoen artean banatuko dira tokiko erakundeek exekuta ditzaten. Finantzazioa 1-10 milioi euro bitartekoa izango da helmugaren kategoriaren arabera. Lau ardatzen arabera antolatzen da: lehena, turismoaren eredua jasangarritasunerantz eraldatzea; bigarrena, turismoaren arloko digitalizazioa eta adimena; hirugarrena, erresilientzia-estrategiak penintsulatik kanpoko lurraldeentzat; eta, laugarrena, jarduera bereziak lehiakortasunaren arloan.

Sailburuak azpimarratu duenez, Plan hauek garrantzitsuak dira “oso lagungarriak izan daitezkeelako Euskadi helmuga lehiakorragoa, anitzagoa, kalitatearen eskaintza handiagokoa eta jasangarria izatea lortzeko. Izan ere, hori da orain arte lantzen jardun dugun lerroa, eta bultzatzen jarraituko duguna”.

Bestetik, turismoaren arloan Lehentasunez Jarduteko Eremuetan (LJE) burutuko diren jarduerak aurkeztu dira; dagozkien hitzarmenak joan den asteartean onetsi ziren Gobernu Kontseiluan. BERPIZTU Planaren barruan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eskualdeetako toki-erakundeekin lankidetzan, 21 jarduera burutuko ditu Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsaldea 3 eskualdeetan, 6,5 milioi euroko kostuarekin 2021-2022 aldian.

Sailburuak, amaitzeko, eskertu egin du erakundeen eta eragileen lankidetza, eta guztien arteko beharrezko kooperazioa gogora ekarri du, are gehiago oraingoa bezalako krisialdi batean. “Ez naiz nekatuko hau errepikatzen, eta atzo azpimarratu nuen Turismoko eta Merkataritzako Konferentzia Sektorialetan: koordinazioa beti da lehentasunezkoa Gobernantzaren barruan. Horregatik, nire Sailetik beti arituko gara lankidetzan leialtasunez eta modu konstruktibo batean Euskadin turismoaren lehiakortasuna are gehiago indartzeko helburuarekin lanean jarraitzeko, Euskadin turismo anitz, kalitateko eta jasangarri bat sendotzen laguntzeko”.