Javier Hurtado: “Funtsezkoa da udalerrien eta eskualdeen arteko koordinazioa eta lankidetza turismoaren jasangarritasun-plan sendoak eta eraginkorrak ezartzeko”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Goierriko alkateekin eta zinegotziekin bildu da gaur Beasainen turismoaren arloko hainbat gairi heltzeko. Elkarraldian izan dira Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurro, Basquetourreko zuzendari Daniel Solana, Beasaingo alkate Leire Artola, Goiturreko zuzendari Niko Osinalde, Goiekiko presidente Mikel Plazaola, eta Ataun, Idiazabal, Mutiloa, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo alkateak eta zinegotziak.

Heldu dizkieten gaien artean hauek izan dira batzuk: Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategia, Espainiako Gobernuarena, atzo Turismoko Konferentzia Sektorialean aho batez onetsia, eta Autonomia Erkidegoetarako 2021eko Helmugako Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Planak ezartzen dituena.

Lurralde Planek 1.858 milioi eurorekin hornituta daude 3 urtetan eta Autonomia Erkidegoen artean banatuko dira. Plan horiek Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Transformazio eta Erresilientzia Planean sartzen dira, zeina Europar Batasuneko Next Generation funtsekin gauzatzen den. Lurralde Planek aukera ematen dute lurralde eta helmuga bakoitzean turismoaren jasangarritasunaren erronkei zuzendutako erantzun bat prestatzeko eremu hauetan: trantsizio berdea eta digitala, eta lehiakortasuna.

“Euskadi posizio on batetik abiatzen da lehiakortasunean eta jasangarritasunean hazten jarraitzeko, sektore profesional prestatu bati eta gobernantzari esker. Turismo jasangarria ez da produktu bat, eremu guztietan aplikatu beharreko kudeaketa-modu bat da eta eragile guztien lankidetza eskatzen du” azaldu du sailburuak. Horretarako, udalerrien eta eskualdeen koordinazioa eskatu du, tokiko garapena eta Euskadi helmugarena bultzatuko duten proiektu sendoak ezarri ahal izateko.

Gainera, Euskaditik igarotzen den Santiago Bidearekin lotuta burutuko diren jarduerak ekarri ditu gogora sailburuak. Aurten, 2021ean, Turismoaren Jasangarritasun Plan Nazionalak lehentasunen artean jasotzen du Santiago Bidearen Plana, eta horri lotuta, Euskadik 5,5 milioi euro jasoko ditu Santiago Bidearekin lotutako ondarea turismoaren ikuspegitik balioesteko.

Hala, Euskaditik igarotzean Santiago Bidearen eskaintza turistikoa hobetzea eta, horrekin batera, turistaren esperientzia hobetzea dira helburuak. Bestetik, ingurumenaren jasangarritasuna bultzatzea lortu nahi da, eraikinen eraginkortasun energetikoaren eta digitalizazioaren bitartez. Hori guztia aberastasunaren sorkuntzan, garapen lokalean eta kohesio sozialean laguntzeko izango da.

Goierriko eskualdearen kasuan, jarduerek eragina izango dute hainbat higiezinetan, besteak beste, elkarraldia izan den Igartzako Multzo Monumentalean, Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa Etxean eta Segurako Ardixara Etxean. Horietan jarduera hauek burutuko dira: karbono-arrastoa murriztea eta konpentsatzea, aklimatazioa eta klima-aldaketara egokitzea, eta espazioak birgaitzea eta aprobetxatzea, teknologia adimendunekin eta irisgarritasunari lotutakoekin.