Euskadiko udako irteera/itzulera operazio berezian barne-trafikoa handixeagoa izaten ari da

0

Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako irteera/itzulera operazioaren lehen balantzea egin du. Euskal Autonomia Erkidegoan barne-trafikoko fluxu handiagoa antzematen ari da, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eta erkidego mugakideen (Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Burgos) arteko fluxu handiagoa eta Estatuko beste puntu batzuetarako eta Iparralderako fluxu handiagoa ere. Oraingoz, zirkulazioa arina eta iazkoa baino handixeagoa izaten ari da, baina ez 2019an eta 2018an bezainbestekoa. Ibilgailu-intentsitate handienak asteburuetan izaten ari dira, A-8 autobidean, Kantabriarantz eta Kantabriatik Euskadirako itzuleran, betiere faktore meteorologikoaren arabera.

Irungo AP-8 autobideko ordainlekuan egin dituen adierazpenetan, Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak aditzera eman du Euskadi zeharkatzen ari den nazioarteko trafikoa Europako iparraldetik Portugalgo hegoalderantz doan trafikoa izaten ari dela. Portugalerako bidean diren ibilgailu horien zirkulazioa errazte aldera, seinaleztapena indartu da euskal bide-sareko gune estrategikoetan, eta, gainera, bidean topatuko dituzten zerbitzuguneen berri ematen zaie bidaiari horiei. Era berean, zerbitzugune horietan, zenbait hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz) gogorarazten zaie distantzia sozialeko neurri higienikoak mantentzearen garrantzia eta maskara erabiltzearen eta eskuak garbitzearen garrantzia.

Bigarren urtez jarraian Itsasarteko Pasabide Operaziorik ez dagoenez gero, ez da beharrezkoa izaten ari trafiko horri begira Etxabarri Ibiñan eta Gasteizen egin ohi den operatiboa —Etxarri Ibiñan AP-1 autobidearen irteeraren eta N-622 errepidearen arteko lotura errazteko, Gasteizerako noranzkoan, eta Gasteizen N-622 errepidearen eta A-1 errepidearen arteko lotura errazteko, Burgos/Madril noranzkoan—.

Uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehen asteburua

Zirkulazioa arina eta konplikazio aipagarririk gabea izaten ari den arren, dentsitaterik handiena datorren asteburuan izatea aurreikusten da, bat etorriko baita abuztuko irteera-trafikoa eta uztailean oporrak hartu dituztenen itzulera-trafikoa.

Zirkulazio arina bermatze aldera, eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, behin-behineko seinaleztapena gaitu da Armiñongo bidegurutzean, eta, beharrezkoa izanez gero, gomendatuko da A-1 errepidearekiko paralelo bideratzen den N-1 errepidean zeharreko ibilbide alternatiboa erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean.

Behin-behineko balantzea

Joan den uztailaren 1etik 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan (bat Bizkaian, beste bat Araban eta beste bat Gipuzkoan), joan den urteko aldi berean baino bi pertsona gutxiago.

Tokiko trafiko-dentsitate handieneko gunea A-8 autobia izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 9an 15 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren, ibilgailu kopuru handiak eraginda.

Gipuzkoan, uztailaren 11n, 4 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren A-15 errepidean, Donostiarako noranzkoan, Belabietako tunelean (Elduain) egiten ari diren obren ondorioz. Era berean, uztailaren 23an, ostiralean, ordu-erdiz eten zen trafikoa A-15 errepidean, Iruñerako noranzkoan, Belabietako tunelean (Elduain) egiten ari diren obretan metatutako auto kopuru handiak eraginda.

Bestalde, Araban, uztailaren 4an, 8 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren N-124 errepidean, Armiñonen, Gasteizerako noranzkoan, Errioxatik zetozen ibilgailuen ondorioz. Uztailaren 23an eta 24an, ostiralean eta larunbatean, 2 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos-Madril noranzkoan. Era berean, asteburu horretan bertan, A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean eta Burgos-Madril noranzkoan, 3 km-ra arteko auto-ilarak sortu ziren ostiralean eta 5 km-ra artekoak larunbatean; 2020an, ordea, ez zen puntu horretan inolako auto-ilararik sortu.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzaren gomendio nagusietako bat da bidaiatu aurretik bideen egoera kontsultatzea. Horretarako, errepideen egoerari buruzko informazioa indartzen ari da, mezu aldakorreko panelen bidez, www.trafikoa.eus web-orriaren bidez, TrafikoaEJGV aplikazioaren bidez, Twitter bidez eta 011 telefonoaren bidez (24 orduko arreta).

Horrez gain, komeni da:

  • Ibilgailuaren egoera ona ziurtatzea.
  • Otordu oparoak saihestea, logurarik ez izateko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzeko garaian eragina izan dezakeen sendagairik ez kontsumitzea.
  • Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti jarraitzea Ertzaintzako agenteek adierazten dutenari.
  • Segurtasun-tarteak mantentzea.
  • Bi orduan behin, edo 200 kilometroan behin, atseden hartzea.

Azkenik, erantzukizun kolektiboa eta gainerako gidariekiko errespetua eskatzen da, batik bat zaurgarrienekiko errespetua (txirrindulariak, motoristak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak eta oinezkoak), errepidea leku seguruagoa izan dadin.