Bizkaiko Aldundiak Bilboko metropoli-inguruko udalerriei «BizkaiBizi» bizikleta publikoaren zerbitzua emateko proiektuaren berri eman du

0

Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko foru diputatua Bilboko metropoli-inguruko udalerrietako alkateekin bildu da gaur goizean, Bizkaian bizikleta publikoa alokatzea xede duen BizkaiBizi izeneko zerbitzua abian jartzeko bere sailean egiten ari diren lanak aurkezte aldera.

Topaketa honen helburua da «udalerriek parte hartzea» proiektu honen diseinuan, eta Bilboko metropoli-ingurunean «esperientzia pilotu bat ezartzea» ahalbidetuko duten formulak bilatzea, Bizkaiko biztanleriaren % 60 baino gehiago bertan biltzen baita.

Hitzordua Bizkaia Aretoko Baroja Auditorioan egin da, eta bertan izan dira, Angel Anero Mugikortasun Jasangarria sustatzeko zuzendaria eta udaletako alkateak.

Foru Aldundiaren sail eta zuzendaritza horiek duela hilabete batzuetatik ari dira bizikleta publikoari doakion sistema hau diseinatzen, Gomez Viarrek joan den maiatzean prentsaurrekoan iragarri zuenez. Horrela, pertsona batek udalerri batean bizikleta bat hartu eta beste batean itzul dezake. Eta handik, erabiltzaileak helmugara oinez iristea dauka, baldin eta udalerri berean badago; edo, bere udalerrian ez badago, beste garraiobide publiko batekin (Bizkaibus, Metro, Renfe eta abar) konbinatzeko aukera izango luke.

Bizkaiko Foru Aldundiak lantzen duen mugikortasun jasangarriari dagokion eredu berriaren arloko ekimena da; eredu berri horretan, bizikletak eta garraio publikoak funtsezko lekua dute, eta hori ezartzeko udalen laguntza ere behar da. Hori dela eta, Mugikortasun Jasangarria sustatzeko Sailaren titularrak «ekintza paralelo batzuk» aipatu ditu gaur goizean egindako bileran, eta horiek hedatu beharko direla esan du, horrelako sistema bat ezartzean arrakasta lortze aldera.

Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: herritarren artean bizikletaren hezkuntza eta kultura lantzearen garrantzia; bizikletak igarotzeko eta aparkatzeko azpiegiturak garatzea, non foru erakundeak eta inplikatutako udalerriek protagonismo osoa duten; zerbitzu hori ezartzea erraztuko duen lege-esparru malgu bat sortzen laguntzea, edo bizikleta garraio publikoarekin lotzea ahalbidetuko duten informazio-sistemak izatea.

Azken ideia ondokoa izan da: gaur abiarazi den lankidetza arloan lanean jarraitzea, helburu argiak ezartzeko eta egun dauden oztopoak gainditzeko estrategia bateratua sortzeko urratsak emanez.