Bizkaiko herritarren iritziz arazo nagusiak susperraldi ekonomikoa eta enplegua bultzatzea eta osasuna dira

0

Aurreko kasuetan bezala, herritarren pertzepzioa altua da lurraldeko bizi-kalitateari dagokionez eta Foru Erakundeak urtero egiten duen iritzi publikoko azterlanean arlo horretan puntuazioa 7,73koa da 10 puntutik. Azterlan honek jasotzen du, halaber, inkestari erantzun diotenek arazo nagusitzat hartzen dituztela jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea (%68) eta osasuna (%41,4); azken iritzi hau ohikoa baino eskala askoz handiagoan azaldu da  pandemiaren ondorioz.

Landa-lana 3.000 telefono bidezko inkestaren bidez egin zen ekainaren 16tik 30era, eta beste datu batzuk ere ematen ditu, hala nola lurraldearen egoera ekonomikoaren balorazioa (6,16 puntu) eta 10 puntutik 5,44 lortzen dituen enpleguarena. Halaber, azterlanak herritarrek gobernuan dauden erakundeei dagokienez duten konfiantzari buruz galdetu du; balorazio horretan euskal erakundeek (6,09 puntu Eusko Jaurlaritzak; 6,08 puntu Bizkaiko Foru Aldundiak; eta 6,05 puntu udalek) eta Europak (5,02 puntu) gainditu egiten dute herritarren azterketa eta, ordea, suspenditu egiten du Espainiako Gobernuak, 4,34ko nota jaso baitu.

Herritarrek Aldundiarengan adierazten duten konfiantza foru erakunde honen kudeaketari buruz egiten duten balorazioaren antzekoa da, nahiz eta azken hori altuagoa izan: 10etik 6,21 puntu. Eta kudeaketa horren barruan, Bizkaian bizikletaz ibiltzeko bidegorriak sortzeak, ahal denean lurraldera ekitaldiak erakartzeak, berrikuntza eta tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeak edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeak 6,02 eta 6,12 bitarteko batez besteko puntuazioak jasotzen dituzte eta, beraz, marjina horien barruan kokatzen dira. Apur bat atzerago azaltzen dira zerga-bilketa eta izapideak eta kudeaketak egiteko erraztasuna, 5,28 eta 5,49 puntu arteko notekin, hurrenez hurren.

Azterlan soziologiko honetan parte hartzen duten pertsonek Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketaren lehentasunezko gunetzat jo dituzten kudeaketa-esparruen artean honako hauek identifikatzen dira: langabeziaren, desberdintasunaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak babestea eta zaintzea, eta enpresa-lehiakortasuna eta ekintzailetza babestea. Horiekin batera nabarmentzen dira, besteak beste, mugikortasuna eta garraioa, osasuna, etxebizitza eta herritarrentzako arreta – azken gai hori izapideak eta kudeaketak errazteari dagokionez aipatzen da-.

Foru Erakundeak ezarritako proiektu estrategikoei buruz galdetuta, inkestan parte hartu dutenen iritziz honako hauek dira ezagunenak, hurrenkera honetan: Guggenheim Urdaibai, itsasadarraren azpiko tunela, 2023ko Tourreko etapa baten irteera Bilbotik eta Eskuinaldeko bulebarra. Proiektu horiek dira, halaber, ezagutza-mailaren eta jasotzen duten batez besteko balorazioaren artean erlazio onena dutenak.

Unai Rementeria, Ahaldun Nagusia, ezaguna da inkestan parte hartu duten pertsonen %76,6arentzat eta  batez besteko 6,05 puntuko balorazioa eman diote.

Covid-19aren eragina

Iaz ere gertatu zen bezala, azterlan soziologikoak pandemiari eta pandemiaren inguruan sortutako egoerari buruzko atal bat du. Gau honi dagokionez Bizkaiko herritar gehienek (%76,3) uste dute oraindik nahikoa geratzen dela egungo pandemia-egoera gainditzeko. %3k soilik uste du egoera erabat gaindituta dagoela, eta %18,5aren iritziz egoera ez dago inola ere gaindituta.

Alde horretatik bi pertsonatik batek (%50,5) uste du ez dela oso gertagarria datozen hilabeteetan pandemiaren aurreko egoeraren normaltasunera itzultzea eta, ordea, %34,1ek uste du nahiko edo oso gertagarria dela.

Gizarteak pandemia honi aurre egiteko emandako erantzun bateratuari dagokionez, azterlanean parte hartu dutenek 5,99 puntuko nota eman diote; kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiak eremu horretan egindako kudeaketak 6,12 puntu jaso ditu.

Azterlanak, halaber, galderak egin dizkie COVID-19ak enpleguan eta erantzuleen aldartean duen eraginari buruzko inkestei erantzun dieten pertsonei. Lehenengo gaiari dagokionez, %42,1ek uste du ez dagoela enplegua galtzeko arriskuan pandemiaren eraginaren ondorioz, eta arrisku hori benetakoa dela uste dute lanean ari direnen %11k. Herritarren gogo-aldartearen mapan, beste alde batetik, hainbat emozio nabarmentzen dira, hala nola kezka (elkarrizketatutako pertsonen %66,1 pandemiaren aurretik baino kezkatuago sentitzen da) eta nekea (%54,5). Era berean, herritarren artean areagotu egin da aspergarritasunaren (%44,6) eta haserrearen (%43,8) pertzepzioa, COVID-19aren aurreko egoerarekin alderatuta.

Hala ere, Bizkaiaren etorkizun hurbilari dagokionez baikortasun-maila 6,59 puntukoa da batez beste.