Ekintza prebentiboak “besarkada solidario” deituriko ebasketei aurre egiteko

0
PRUEBA

Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin batera, adinekoek batik bat jasaten dituzten “besarkada solidario” edo “besarkada maitekor” deiturikoei aurre egiteko zenbait prebentzio-neurriren berri eman nahi dute. Aholku horiek biltzen dira Segurtasun Sailak udako sasoi honetan ematen dituen gomendioen barruan.

 

Modus operandiaren deskribapena

Besarkada solidarioa emakumeek egin ohi duten ebasketa-teknika bat da. Biktima potentzial batengana hurbiltzen dira, normalean adinekoa eta bakarrik doana, baina batez ere lepoan edo eskumuturretan baliozko objektuak daramatzana. Berehala biktima engainatzen saiatzen dira; horretarako biktima ezagutzen duten itxurak egiten dituzte, edozein motatako informazioa eskatzen dute, edota sexu-faboreak eskaintzen dituzte. Distrakzio-elkarrizketa horretan, biktimak eskuetatik eta besoetatik heldu edo besarkatzen dituzte, lepokoak, eskumuturrekoak, erlojuak edo baliozko beste edozein objektu bilatzearren.

Talde antolatuak

Ebasketa egiten duten pertsona horiek Ekialdeko Europako jatorria duten talde kriminaletako azken kate-maila dira. Talde horiek modu antolatuan jarduten dute, eta aldian-aldian aldatzen dute kokalekua Estatu osoan. Erasotzaileak emakumeak izan ohi dira eta beti izaten dute ibilgailu baten babesa. Normalean, nazionalitate bereko gizonezko batek gidatzen du ibilgailua, eta gertutik jarraitzen du emakumea, ebasketa-saiaketak huts egiten badu edo biktima lapurretaz konturatzen bada, emakumea ibilgailura igo eta handik ihes egin dezan.

Ohikoa da ebasketa bat egiten dutenean, ebasketa egin duten udalerritik alde egitea, eta beste batera joatea, beste biktima baten bila. Bilatzen duten biktima mota hori ibiltzen den lekuetan egin ohi dituzte lapurretak: kale komertzialetan, parke publikoetan, erlijio-zentroen inguruetan, hirugarren adinekoen egoitzen inguruetan edo erretiratuen elkarteen, geriatrikoen eta osasun-zentroen, besteak beste, inguruetan. Hori bide publikoei dagokienez, atarien barruan edo igogailuetan ere egiten baitituzte erasoak.

 

Prebentzio-jarduerak

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delitu horiei aurre egiteko prebentzioarekin lotzen diren ekintza hauek gomendatzen dituzte:

– Eremu publikoan balio ekonomiko handiko bitxiak edo erlojuak beharrezkoa ez den nabarmenkeriaz erakustea saihestu.

– Gure espazio pertsonala inbaditzen duten pertsona ezezagunez ez fidatu, batez ere efusiboegiak eta maitekorregiak badira. Ez onartu kontaktu fisikorik.

– Ahal den heinean, ez ibili bakarka kale komertzialetatik, parke publikoetatik, erlijio-zentroen inguruetatik eta hirugarren adinekoen egoitzen, erretiratuen elkarteen eta osasun-zentroen inguruetatik.

– Baliozko objektu horien itxierak berrikusi, eta, akatsak dituztela antzemanez gero, konpondu edo ordeztu. Balio handieneko objektuetan komeni da, itxiera edo lotura osagarri bat ere instalatzea.

– Horrelako erasoren bat izanez gero, edo horrelako erasoren baten lekuko izanez gero, deitu berehala 112 larrialdietako telefonora, eta saiatu pertsona susmagarriaren ezaugarri fisikoei buruzko datuak ematen, eta, ahal bada, ihesaldian erabilitako ibilgailuari buruzkoak.

– Azkenik, komeni da balio handieneko objektuen argazkiak gordetzea, objekturen bat lapurtuz gero, salaketa egitean objektuaren argazkia gehitzeko.