Mendizale bat erreskatatu dute Toloño Mendizerraren inguruetan

0

Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek atzo eguerdian 65 urteko gizonezko bat erreskatatu zuten Gatzaga Buradonen, GR-99 ibilbidean istripua izan zuenean

Ezbeharra eguerdiko hamabiak inguru gertatu zen Ebroren ibilbide naturalean, desnibel handi samarreko tarte batean, Gatzaga Buradon eta Briñas artean. Biktimak buruan kolpe handia hartu, eta konortea galdu zuenean, berarekin zihoazenek Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuari deitu zioten.

Berehala hurbildu ziren polizia, osasun-zerbitzuko kideak eta suhiltzaileak, eta istripua izan zuen gizonezkoa egonkortu zuten. Lurrez iristeko zailtasunak zirela-eta, zauritua Ertzaintzaren helikopteroan eraman behar izan zuten hurbil zeuden osasun-zerbitzuko kideengana, eta horiek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuten.