Zabalik da Barakaldoko Zuhatzuko herritarrentzako 200 toki baino gehiago izango dituen aparkalekua Ansio inguruan

0

Gaur goizean ireki du Barakaldoko Udalak Ansio inguruan sortutako aparkaleku berria, azoka txikia dagoen zabalgunean. Jon Andoni Uriak zuzentzen duen  Auzo eta hirietako Obra eta Zerbitzu Arloak garatu du ekimen hau, TAO zerbitzuak araututako 200 aparkalekutik gora irabazteko Zuatzuko auzotarrentzat. Horrela, erantzuna ematen zaio auzotarrek Udalari egindako eskaera bati, ibilgailuen errotazioa hobetzeko eta inguruan bizi direnentzako aparkalekua errazteko.

Aparkatzeko 204 toki berri sortu dira aparkalekua erregulatzeko sisteman. «Orain arte ezin izan da eremu horretan aparkatu; horregatik, bizilagun askok jakinarazi digute gune hori aparkalekurako gaitzeko aukera, plaza horiek eremu horretako egoiliarrentzat izango direla bermatuz», azaldu du Uriak.

Erregulazio-ordutegia lanegunetakoa da: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz,  9:00etatik 14:00etara izango da ordutegia. «Kasu honetan, eremu hori azoka txikirako ere erabiltzen denez, ostegunetan 17:00etatik 20:00etara baino ez du jardungo TAOk; izan ere, egun horietan, 06:00etatik 17:00etara ezingo da ibilgailurik egon, postuak jarriko baitira azoka txikia egiteko», gogorarazi du zinegotziak.