`Ibilbide historikoak´programak bisita gidatuak eskaintzen jarraitzen du uda honetan lurraldeko gune interesgarrietara

0

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ‘Ibilbide Historikoak’ programak Busturialdea-Urdaibaiko arkeologia-gune nagusiak ezagutzeko bisitaldiak eskaintzen jarraitzen du abuztuan, eta Bizkaiko zin-bidea ezagutzeko bisitaldiak ere eskainiko ditu irailean.

Abuztuan zehar bisitariek bost ibilbide gidatuz osatutako programa bat izango dute, Arrarrolako (Arratzu) oppidumeko aztarnategi arkeologikoetara, Foruko Herri erromatarrera, Tribisburuko nekropoli erromatarrera (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko Erdi Aroko gaztelura (Ereño) eta Sukillotxuko (Mundaka) estazio megalitikora egingo dena.  Era berean, gune arkeologikoetako ikerketa-zuzendariak ere izango dira bisitan.

Foru Aldundiak irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Ekimen honen bidez, Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi dira.

Bisiten egutegia kontsultatzeko era: www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunea, 688.856.689 telefono zenbakia edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikoa.